Olaizola II.a- Aretxabaleta 22. Bengoetxea VI.a- Ladis Galarza 9

Atzeko hutsek erabaki dute

Olaizola II.ak eta Aretxabaletak aise eskuratu dute Binakako Txapelketako bigarren puntua

Galarza, atzo Labrit pilotalekuan jokaturiko partidan. J.MANTEROLA / ARP.
Donostia
2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Iraupena.45:14 minutu.

Pilotakadak. 366.

Saketik. Olaizola II.ak 6, eta Bengoetxea VI.ak 2.

Markagailua. 3-1; 6-2; 7-4; 8-5; 21-6 eta 22-9.

Bestelakoak. Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailak ia goraino bete ziren: mila ikusletik gora. Apustuak Olaizola-Aretxabaletaren alde irten ziren. Jaialdiko aurrenekoan, Asier Olaizolak profesional mailako azken partida jokatu zuen. 22-21 irabazi zuen Apraizekin, Saralegi eta Ibai Zabalaren aurka.

Olaizola II.ak eta Aretxabaletak erraz irabazi zuten atzo Labriten Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partida. Parean Bengoetxea VI.a-Galarza izan zituzten, baina horiek ez ziren fin ibili. Galarzak atzean egindako hutsek eta Olaizola II.aren tantoek erabaki zuten norgehiagoka.

Galarzak urduriegi ekin zion partidari, Olaizola II.aren sakeei erantzuna eman ezinez. Lehen hiru sakeak txapa azpira bidali zituen atzelari nafarrak, eta hasiera kaskar horren zama partida guztian eraman zuen. Lehen pilotakadetan aurrelariek ez zuten aparteko lanik eduki. Atzeko koadroetan egon zen lehia. Aretxabaletari ere kosta egin zitzaion partidan sartzea, eta jarraian egindako bi hutsei esker, Bengoetxea VI.a eta Galarza hiru tantora jarri ziren (6-3).

Partidaren bigarren zatiak, baina, kolore gorria eduki zuen erabat. Irabazleek hamahiru tanto egin zituzten jarraian, eta urdinak jokoz kanpo geratu ziren. Olaizola II.ak tanto ederrak egin zituen aurreko koadroetan, Aretxabaleta, bitartean, haziz joan zen. Lehia polita izan zuten bi gazteek atzean. Badute zer ikasi oraindik, baina pilota jotzeko orduan hustu egiten dira. Pilotakada ikusgarriak tartekatu zituzten Galarzak eta Aretxabaletak. Behin baino gehiagotan iritsi ziren erreboteko paretara.

Baraibarko atzelariak, baina, sei pilota galdu zituen, eta Bengoetxea VI.ak partidaren karga aurreko koadroetara eraman nahi izan arren, Olaizola II.ak eta Aretxabaletak bazekiten non zegoen zuloa. Galarzaren zalantzak ikusita, pilotakada gehienak atzera jo zituzten. Azken txanpan, 21-5eko emaitzarekin, Bengoetxea VI.ak eta Galarzak hiru tanto egin zituzten jarraian. Leitzako aurrelaria beranduegi sartu zen jokoan. Hiru tanto horietatik bi berak egin zituen. Bata zabalera bidalitako bi-pareta eder batekin, eta bestea, saketik. 21-9koa Galarzak egin zuen, pilota erreboteraino astinduz. Partida hasi bezala amaitu zen: Galarzaren huts batekin. Urdinak onenean zeudenean, atzelari nafarrak gora bidali zuen pilota.

Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko hirugarren partida, bestalde, gaur jokatuko dute, Eibarren (17:00), Irujo-Barriolak eta Ezkurdia-Zabaletak. Bi bikoteak garaipenik gabe daude sailkapenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.