Sebastian Vettelek eskuratu du 'pole'-a, eroso, beste behin

Nico Rosberg abiatuko da alemaniarraren ondotik; Fernando Alonsok zazpigarren postua lortu du

2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ez dago zalantzarik. Ez dago Sebastian Vetteli eta bere Red Bull autoari itzal egin diezaiokeenik. Atzo ere, ia denboraldi osoan gertatu bezala, alemaniarra izan zen azkarrena, Nico Rosberg (Mercedes) eta Romain Grosjeanen (Lotus) aurretik. 1 Formulan lortzen duen 41. pole-a izan zen atzokoa Vettelentzat. Marka bikaina.

Ostiraleko entrenamenduetatik nabari zen Vettelen autoa gainontzekoen gainetik zegoela. Beldurtzeko moduko denborak egin zituen. Konfiantza handia du bere buruarengan, eta atzo ere nabaritu zitzaion hori. Q3-a amaitu aurretik, autotik jaisteko erabakia hartu zuen, gaurko lasterketarako gurpil joko bat gordetzeko. Erabaki arriskutsua... baina ongi atera zitzaion. Urduri zegoen boxetan, Rosberg ate-joka zuelako azken itzulian; 0,091 segundora besterik ez zen geratu azkenean. Aukera paregabea du gaur Vettelek jarraian hirugarren garaipena eskuratzeko, eta, bide batez, 2013ko Munduko Txapelketa ia guztiz erabakita uzteko.

Grosjean eta Lewis Hamilton (Mercedes) txukun aritu ziren. Estatubatuarrak, ordea, azken txanpan huts eginda, bosgarren postuaren konformatu behar izan zuen. Grosjeanek, berriz, merezitako hirugarren postua eskuratu zuen. Mercedes eta Red Bull lehia estuan zebiltzan bitartean, Fernando Alonso eta Felipe Massa (Ferrari) ezinean zebiltzan. Brasildarrak seigarren amaitu zuen,espainiarraren aurretik. Alonsok, dena den, aurreikusi zuen bere emaitza zein izan zitekeen: «Errealistak izan behar dugu. Ez dugu hobetuko zazpigarren postua».

Singapurko Sari Nagusiaren ondoren, 2013ko Munduko Txapelketari sei lasterketa bakarrik geratuko zaizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.