Pastor
Darwin eta gu

Erregimenak eta kazetariak

2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Boterea eta etika. Kazetarien lana inoiz ez da erraza izan. Batez ere, boterearen aurrean makurtzen ez diren kazetariena. Jazarpenak, mehatxuak, kolpeak. Han eta hemen. Erregimen guztietan. Argia-ko kazetari Lander Arbelaitzi gertatua dugu adibide. Bere burua kazetari gisa identifikatu arren, Ertzaintzak jo eta mehatxatu egin zuen Donostian. Poliziek lurrera bota zuten, Aske Gunearen kontra egiten ari ziren bitartean. Denok ikusi ahal izan dugu erasoa. Hala ere, gure segurtasunaren erantzule arduratsu ofizialek ez dute kazetariarekin hitz egin, ezta barkatzeko eskatu ere. Areago, gertatutakoaren errua kazetariarena berarena izan dela esan dute, ez hura jo zuten uniformedunena. Zergatik? Ez ziolako segitu Ertzaintzaren aginduari. Poliziak zehaztutako leku jakin batetik informatu behar zuten kazetariek, antza. Ertzaintzak ondo zedarritutako gune batean nahi zituen kazetariak, ondo kontrolatuta, berak finkatutako atakaren atzean eta hesiaren barruan. Kazetariak zenbat eta urrunago, orduan eta hobe. Boterearentzat susmagarriak dira. Arriskutsuak.

Argia-ko kazetariari eginiko erasoa Donostian barik Caracasen izan balitz, egunkari eta telebista guztietan agertuko zen. Hemengoa izanda, aldiz, ez. «Zer gaiztoa den erregimen chavista», esango zuten. Halaxe deitzen baitiote Venezuelako sistemari hemengo hedabide askok, mespretxuz. The New York Times egunkariaren estilo liburuak erregimen hitza ez erabiltzea aholkatzen du: «Gobernuaren edo lidergoaren alternatiba moduan erabiltzen denean, gutxienez gaitzespen txikia dakar berekin. Kontuz erabili». Berdin dio. Erregimenak. Gure lehen munduko sistemak lehen mailako demokraziak dira. Hemen ez dago erregimenik. Hemen demokrazia garbiak ditugu, nonbait: kazetaria jotzen dute eta errua kazetariari botatzen diote. Edo herri kontsultak bultzatzen dituzte, soilik gustukoak dituztenean. Iñaki Petxarromanek gogorarazi digu orri hauetan: «2005ean, errauste plantari buruzkogaldeketa bat egiteko baimena ukatu zion Hondarribiko alkate jeltzale Borja Jauregik Txingudi Bizirik plataformari. Hautestontziak jarriz gero Ertzaintza edo udaltzaingoa bidaltzeko mehatxua egin zien. Markel Olanok uko egin zion Gipuzkoan errauste plantari buruzko herri galdeketa bat antolatzeari, ahaldun nagusi izan zen garaian (2007-2011). 'Ez diot zentzurik ikusten errausketaz kontsulta egiteari', esan zion kazeta honi 2007an». Venezuelan erregimen chavista badute, EAEn erregimenpeneuvista dugu.

Kazetaria eta etika. Alde bateko kontuak ozen salatu, bestekoak lotsagabe isildu. Kazetariak, ezin uka, gero eta gehiago makurtzen dira boterearen aurrean. Besteen erregimenak kritikatzen dituzte. Beren ideologia duten erregimenak, aldiz, ez. Fernando Ravsberg BBCren berriemailea da Kuban. Kazetari uruguaiarrak hogei urte baino gehiago eman ditu Habanan. Atzerriko oso kazetari gutxi dago, hango errealitatea berak baino hobeto ezagutzen duenik. Kritikoa baina zuzena, uharteko sistemako alde onak eta txarrak azaltzen ditu. 2009ko udan kazetaritza kongresu batean egon zen, Santanderren. Giza eskubideei buruz hitz egiten hasi zirenean, irizpideak zehazteko neurri bera erabiltzeko eskatu zien Ravsbergek kideei. Kuban heriotza zigorra noiz aplikatu zuten azken aldiz galdetu zien. Denek zuten dataren berri: 2003. urtea. Hark hauxe esan zien orduan. «Sei urte pasatu dira geroztik. Orain, esan: sei urte hauetan zenbat lagun hil dituzte heriotza zigorraz Txina, Pakistan, Saudi Arabia edo AEBetan?». Ez zekiten. «Eta ez zaizue bitxia iruditzen duela sei urte Kuban gertatu zenaz argi eta garbi oroitzea eta ez jakitea munduko beste lekuetan gertatzen ari dena». Ravsbergek oraindik gogoratzen du lagun horietako baten erreakzioa: «El País-eko kazetari bat jaiki zen, Miguel Angel Basternier, eta hauxe esan zuen, ozenki: 'Kubatar baten biziak ehun beltzenak baino gehiago kezkatzen nau'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.