'Zure ziztada behar dugu'

BERRIA Taldea diru ekarriak biltzen hasiko da, lanari eutsi eta indartzeko

'Zure ziztada behar dugu' kanpaina hasi da; BERRIA Komunitatea osatzen dutenei deia egingo zaie, ahal duten neurrian laguntzeko

Plana akziodun, irakurle eta harpidedunei aurkeztu zaie; askok erantzun diote deiari
Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, egitasmoaren nondik norakoen berri ematen.
Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, egitasmoaren nondik norakoen berri ematen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Arantxa Iraola -

2011ko azaroak 27
«Denon artean egin beharko dugu zerbait». BERRIA Taldeko azken akziodunen batzarrean jasotako erantzuna izan zen, iragan ekainaren 4an, BERRIA Taldearen jardun ekonomikoaren arazoen berri izan ostean emandakoa. Erantzun jori horri atxikita, BERRIA Komunitatea osatzen duten pertsona eta eragileen artean diru bilketa bat egiteko kanpaina abiatu du BERRIA Taldeak, jardunari eusteko eta euskarazko hedabideen arloan hazten jarraitzeko. Atzo egin zuten aurkezpena, Andoainen (Gipuzkoa), taldearen egoitza nagusian: Martin Ugalde kultur parkean. Akziodun, harpidedun, irakurle. Jendea erruz bildu zen; kultur parkeko areto nagusia leporaino bete zuten. Sostengua eman zioten kanpainari. Bileraren amaieran, kanpainako leloarekin eta ikurrekin argazki bat egiteko elkartu ziren, eta txalo artean amaitu zuten keinua. Bat eginda.

Jende ezaguna bildu zen. Euskalgintzakoak: Euskararen Gizarte Erakundearen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Topaguneko lehendakari Jasone Mendizabal tartean ziren. Hezkuntzakoak: Josu Txueka eta Iñaki Zabaleta EHUko irakasleak, besteak beste. BERRIA Taldeko Administrazio kontseiluko kideen artean, Beatriz Zabalondo eta Josu Amezaga izan ziren. Euskaldunon Egunkaria egunkarian ardura postuak izandako hainbat lagun ere izan ziren, itxiera prozesuan auzipetuak: Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Sors eta Xabier Oleaga.

Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak eman zuen kanpainaren nondik norakoen berri. Egunkari zaharra gogora ekarri zuen, ezin bestela, itxierak eragindako zurrunbiloaren erdian abiatu baitzen BERRIA egunkaria, eta, aurrerago, BERRIA Taldea. «Indarrez itxi ziguten, eta kendu ziguten euskaraz geneukan egunkari bakarra». Oraingo premia zerk eragin duen azaltzen ere saiatu zen: Internetek eragindako komunikazio eta negozio eredu berriak, krisi ekonomikoa, diru laguntzen murrizketa... «Etorkizuna ez daukagu batere garbi». BERRIA egunkaria sortu zenetik igaro zortzi urteotan egindako lanaren berri eman zuen. Interneten hazteko egin diren urratsak —Berria.info gero eta osoagoa— eta paperean ere eskaintza osatzen jarraitzeko ahaleginak ekarri zituen gogora; batzuk, bakarrik egindakoak, eta beste batzuk, berriz, elkarlanaren fruitu: Irrien Lagunak eta Nora aldizkariak eta tokian tokiko Hitza-k zein herrialdeka astean behin ateratzen diren argitalpenak daude emaitzaren artean. Hemezortzi enpresatan daude banatuta lan horiek egiten dituzten 380 langileak: 270 BERRIA Taldean eta 110 taldea partaide den enpresetan.

Lanpostuei eta lan martxari eusteko egin dira ahaleginak. Neurri «murriztaileak» izan dira batzuk: orrialde murrizketak eta langileen soldaten izozteak, esaterako. Bai eta diru iturri berriak bilatzeko saioak ere; Bidera zerbitzuen bidez, esaterako, taldeak egiten dituen hainbat lan beste enpresa batzuetara eskaintzeko ahalegina egin da.

«Sare» baten beharra

Egoera oraindik «zaila» da, hala ere. Horregatik, erabaki dute BERRIAlagunak erakarri eta dirua biltzeko kanpaina bat abiatzea. «Sare bat antolatu nahi da». Internet bidez egingo dute orain lehendabiziko ahalegina; sarearen bidezko eskaintzara jotzen duten horiengana zuzentzeko asmoa dute. «Ez da jendeari esatea hori ordaindu egin behar duela; esan nahi dugu interesgarria dela horri eustea eta laguntza behar dugula horretarako», esplikatu zuen Larrartek. Kataluniako Vilaweb sareak antzeko ekimen bat abiatu zuen, eta kanpaina hau antolatzeko garaian aintzakotzat hartu dute haiek aurretik dirua lortzeko urratutako bidea.

Jendearen ahalmenaren araberako diru laguntza izango da. Hiru proposamen egin ditu BERRIA Taldeak, hala ere, kanpainaren berri emateko plazaratutako euskarrietan: urtean ehun euro, urtean berrehun euro edo hilean hamar euro ematea. Egokiena zer iruditu, hautatzeko aukera izango dute BERRIAlagunek. Aukerakoa izango da, baita ere, laguntzaile bakoitzak proposatzea zer laguntza eman nahi duen. Aurrerago beste ate batzuk ere jo nahi dituzte, enpresetakoak, esaterako. «Eta 2013ra begira izango da egitasmoaren azken txanpa; hamargarren urtemuga izango da eta». Gizarteko alor ahalik eta zabalenetara heldu nahi dute. Xedea, bidearen hasieran, argia da; urtean ehun euro jarriko dituzten 5.000 pertsona erakartzea.

Izan ere, paperean BERRIA irakurtzen dutenen komunitateak azken urteotan hazkunderik izan ez badu ere, BERRIA Komunitateak hazkunde nabarmena izan du. Eta etenik gabea. «Ugaritzen goaz». Sarearen bidez, esaterako, azken neurketen arabera, egunero 19.000 bisita izaten dira batez beste Berria.info-n; hilaren buruan, berriz, azken hilabeteko neurketak 566.000 bisitari zenbatu zituen. Bisita horien atzean dauden pertsonengana iritsi nahi dute lehenik eta behin. Euskaraz bizi nahi duen komunitateko andre-gizonak dira, eta komunitate hori trinkotzearen garrantziaz ohartarazi nahi diete.

Etorkizunerako asmoak

Argi utzi zuen atzo Larrartek dirua zertarako erabiliko den: «Indartzen eta hazten jarraitu nahi dugu». Dagoen zerbitzuari eutsi nahi diote, eta teknologia berrien aukera ugariak gogoan, horiei egokitutako zerbitzuak eskaini nahi dituzte. Atzo, lehendabiziko urratsa lege zaharrean egin zuten, ahoz aho, bilera batean elkartuta. Harrera aparta izan zuen. Lehendabiziko ziztada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna