Montanier: «Azken bi partidetako maila hobetu behar dugu»

Realak Betisen aurka jokatuko du bihar etxean; Europarako lehian aurkari zuzena da Pepe Melen taldea

Philippe Montanier, Zubietako lan saio batean. GARI GARAIALDE / ARP.
2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Europako postuetan sartuta jokatuko du Realak bihar Betisen aurka Anoetan, joan den astean San Mamesen lorturiko garaipen garrantzitsuaren ondoren. Realak hurrengo denboraldian Europako Ligan jokatzeko dituen aukerak areagotuz doaz jardunaldiz jardunaldi, eta zaleen artean ere nabari da hori. Aspaldiko partez, jokalarien eta zaleen arteko batasuna lortu da, denboraldi amaieran Europako postuetan mantentzeko helburuarekin. Philippe Montanierrek, baina, ez du ilusio horrekin itsutu nahi. Azken partidetan taldearen gabezia batzuk agerian geratu ziren, eta hori hobetu ezean Europan sartzea lortzea bide zailegia izango dela aitortu zuen. «Azken bi partidetan ez gara oso ondo aritu teknikoki, eta hori ondo egin ezean, Europako postuetan mantentzea oso zaila izango da. Talde gehiegi gaude lehian».

Aurkari zuzenen aurkako lehen partida izango du bihar Realak. Hurrengo astean Atletico Madrili egin beharko dio bisita, eta jarraian, Malagaren aurka jokatu beharko du Anoetan. Taldearen nondik norakoa neurtuko duten hiru partida izango dira donostiarrentzat. «Denboraldiko azken txanpan non egon gaitezkeen neurtuko duten partidak izango dira. Une honetan Europako postuetan gaude, baina gurekin batera dauden talde horien aurka ez badugu maila ona ematen, jai dugu», adierazi zuen Montanierrek. Realarekin batera Europan lehian ari den talde horietako bat da Betis. Nahiz eta azken jardunaldietan txakalaldia izan duen Pepe Melen taldeak, joan den astean Malagaren aurka garaipen sendoa eskuratu, eta sailkapenean Realaren atzetik kokatu zen. Susperraldi horren eragileetako bat Beñat izan da. Andaluziako taldean ezinbesteko jokalaria da, eta geldikako jokaldietan bizkaitarraren baloiek sortzen duten arriskuarekin tentuz ibili beharko dute Realeko atzelariek.

Montanierrek, bestalde, joaneko partidan gertatutakoa izan zuen gogoan atzo. Orduan, Betisek 2-0 irabazi zuen, eta lehenengo gola Paulaok sartu zuen buruz, korner baten ondorioz. Kontuan izanik Malagaren aurkako hiru golak ere antzeko jokaldien ondorio izan zirela, frantziarrak defentsan lan ona egitea ezinbestekotzat jo zuen. «Malagari gertatu zitzaionaren antzekoa gertatu zitzaigun guri joanean. Geldikako jokaldietan oso argi ibili behar dugu. Hala ere, jokaldi horietaz gain, Beñat eta aurreko jokalariak zaindu behar ditugu». Hurrengo partidei begira konfiantza hartzeko partida erabakigarria dela ere nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.