Real Madril 3. Galatasaray 0

Dinamita du zelai erditik aurrera

Real Madrilek gola egiteko duen ahalmena erakutsi du, eta ia sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerdietarako

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Real Madril. Diego Lopez; Essien, Varane, Sergio Ramos, Coentrao; Xabi Alonso, Khedira; Di Maria (Pepe, 85. min), Oezil (Modric, 79. min.), Cristiano Ronaldo eta Benzema (Higuain, 64. min.).

Galatasaray. Muslera; Eboue, Semih Kaya, Dany, Riera (Amrabat, 82. min); Nounkeu, Altintop (Bulut, 77. min), Melo; Sneijder (Zan, 46. min.); Drogba eta Burak Yilmaz.

Markagailua. 1-0. C. Ronaldok (8. min.); 2-0. Benzemak (28. min.); 3-0. Higuainek (73. min).

Epailea. Svein Oddvar Moen (Norvegia). Txartel horiak: Real Madrileko Essien, Modric, Ramos eta Alonsori; eta Galatasarayko Nounkeu, Yilmaz, Drogba eta Melori.

Bestelakoak. 80.000 ikusle inguru Santiago Bernabeun.

Gola du Real Madrilek. Eraso jokorako ahal harrigarria du. Zerbaitegatik da Txapeldunen Ligan aurkariaren atea gehien zulatu duen taldea. Galatasarayri ere zer egiteko kapaza den erakutsi zion atzo. Ez zuen erabateko aginterik izan, ezta aurkariak baino askoz aukera gehiago, baina ondo bideratuta utzi zuen Txapeldunen Ligako final-laurdenetako kanporaketa zelai erditik aurrerako jokalari bikainei esker. Istanbulgo taldeak balentria egin beharko du etxean, hurrengo asteazkenean, sailkatu nahi badu.

Real Madril titulua irabazteko faboritoetako zerrendan sartu duten bertuteak erakutsi zituen. Gutxirekin asko lortzeko ahalmena du, ez du distirarik behar irabazteko, eta hori asko da kanporaketa itxietan. Atzean ez da hain segurua, gol asko jaso ditu, eta atzo Galatasaray erraz antzean iritsi zen area ertzera, baina ez zuen asmatu. Turkiako taldeak hor du Europako handi-handiekiko aldea. Etxekoek, aldiz, bai, izandako aukerak ondo zukutu zituzten, lehen zatian bereziki.

Real Madrilek hasi eta berehala sartu zuen aurrenekoa, Cristiano Ronaldok, atezainaren aurrean baloia dotore loratuz, Oezilen pasea baliatu zuenean (8. min). Galatasaray ez zen giltzapetu, baina atzean ez zen erne egon, eta gaizki defendaturiko Essienen erdiraketa batean Benzemak, azeri area barruan, bigarrena sartu zuen (28. min). Madrilgo taldea etxeko lanak ondo eginda iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatian Galatasaray uzkurtu egin zen, emaitza ontzat emango balu bezala. Etxekoen hirugarrena gertuago egon zen kanpokoen aurrenekoa baino. Eta Higuainek utzi zuen kanporaketa erdi erabakita (72. min), buruz, Xabi Alonsoren falta sake bikaina orraztu zuenean.

Borussia, kamuts (0-0)

Malagak eta Borussia Dortmundek husna egin zuten atzo, Malagan, jokaturiko beste final-laurdenetako beste partidan. Alemaniako taldea gehiago izan zen eta aukera hobeak izan zituen, baina ez zuen golik sartu. Willy Caballero etxekoen atezainak lan bikaina egin zuen. Itzulerakoa heldu den asteazkenean jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.