Albistea entzun

Ezarian. 'Pakea Bizkaia'

Unai Basurkoren ondorengoak

'Pakea Bizkaia' belaontziko espedizioaren zati batean parte hartu dute hainbat gaztek; tartean, Ane Alberdik eta Danel Gomendiourrutiak. Bi hilabete eta erdiz marinel bihurtu eta Bilbo eta Argentina lotu dituzte itsasoz.
Cabo Verdetik Argentinara Ozeano Atlantikoa zeharkatzen hiru aste pasatu dituzte espedizioko kideek.
Cabo Verdetik Argentinara Ozeano Atlantikoa zeharkatzen hiru aste pasatu dituzte espedizioko kideek. PAKEA BIZKAIA

Ilargi Agirre -

2013ko urtarrilak 15 - Donostia

Hiru aste pasatu dituzte Ozeano Atlantikoa zeharkatzen, itsasoz inguratuta. Hogeita bat egun horietan, belaontziko bakardadean, itsasoaren handitasuna eta zabaltasuna izan dituzte bidelagun bakar. Izan ekaitza edo izan eguzkia, gaua zein eguna. Halako batean, zerumugan lurra ikusi zuten arte. «Lur usainak piztu zigun arreta, eta oinak lurrean jartzea arraroa izan zen. Emozioek eztanda egin zuten», kontatu dute Ane Alberdi eta Danel Gomendiourrutiak. Garai bateko nabigatzaileen gisako abentura bat izan dute bi gazteek. Alberdi Itsas Biologian lizentziaduna da, eta Gomendiourrutia, Ingeniaritza Nautiko eta Itsas Garraioko ikasketak egiten ari da EHUn. Bada, marinel bihurtu dira bi hilabetez. Unai Basurkoren gidaritzapean, Pakea Bizkaia belaontzian Ozeano Atlantikoa zeharkatu dute. Bahia Blancan (Argentinan) amaitu dute euren bidaia orain gutxi, baina Pakea Bizkaia belaontziak aurrera jarraitzen du. Antartikan daude orain, Kepa Acero surflariarekin.

«Esperientzia ikaragarria izan da», baieztatu dute biek. Aurretik, nabigazioari buruz ezer gutxi zekien Alberdik. «Itsasontzian ibilitakoa nintzen, arrantzontzi txikietan kosta ingurutik irteeraren bat egina nuen, baina sekula horrelako belaontzi batean ibili gabe nengoen». Ikasketak direla eta, Gomendiourrutiak hurbilagotik ezagutzen zuen nabigazioaren mundua. Unai Basurko espediziorako jende bila zebilela jakin bezain pronto, izena eman zuten biek. Espedizioko kide izateko, hautaketa prozesu bat pasatu behar izan dute. Elkarrizketa bat eta hainbat proba egin dituzte. «Nabigazioko oinarriak ikasteko irteerak egin ditugu Galiziara eta Kantabriara».

Iazko urriaren 7an abiatu zen Pakea Bizkaia, Bilboko portutik, eta abenduaren 21ean iritsi ziren Argentinara. Zortzi pertsona zihoazen barruan, tartean Alberdi eta Gomendiourrutia —Asier Hernandez eta Toni Fiol gazteekin batera—. Eguneroko bizimodua errotik aldatu zitzaien bat-batean. «Txandaka antolatzen da eguna belaontziaren barruan. Bi orduko zaintzak eta lau orduko atsedenaldiak tartekatuz joaten ginen», dio Alberdik. Zaintzetan, lema eramatea eta oihalak kontrolatzea izaten zen egiteko nagusia. Unai Basurko kapitainaren aginduei jarraituz, betiere. Atsedenaldiak lo egiteko, jateko eta etxeko lanak egiteko baliatzen zituzten. Lau ordu baino gehiago jarraian ezin lo egitea kosta egin zitzaien gazteei hasieran, baina egunen poderioz ohitu ziren.

Denboraren kontzeptua aldatu egiten da. «Intentsitate askoz handiagoarekin bizitzen da une bakoitza. Azkenean, ematen du eguna lau aldiz hasten dela eta askoz ere gauza gehiago egiten direla», azaldu du Gomendiourrutiak. Eguneroko errutina alboratuta, beti esperientzia berriak bizitzen ari ziren sentipena zuten; egun guztiak baitziren ezberdinak.

Nabigazioko lanez gain, bakoitzak bere egitekoa ongi zehaztuta zeukan. Alberdik itsasoko animaliei erreparatu behar zien. «Ikusten nituen animaliak identifikatu, eta haien bizimoduari eta elikadurari buruzko informazioa jartzen nuen espedizioko webgunean». Gomendiourrutia gehiago arduratu zen nabigazioaz, eguraldiaren iragarpenak jaso eta haizearen norabideari so egiteaz.

Geldialdia Kanarietan

Bilbotik irten eta Kanaria uharteetan egin zuten lehendabiziko geldialdia. Rafael Castillo bisitatu zuten han, La Rueda de Navegantes elkarteko kidea. Elkarte horrek laguntza eskaintzen die mundu osoko itsaso eta ozeanoetan dabiltzan nabigatzaileei. Castillok berak ematen zion egunero meteorologia informazioa Unai Basurkori, munduari itzulia bakarrik eman zionean. Tenerifeko La Laguna unibertsitatea bisitatu zuten, ondoren. Espedizioa aurkezteko hitzaldia eman, eta belaontzia zabaldu egin zuten jendearentzat. Berezia izan zen Alberdirentzat, Itsas Biologia ikasten izana baita han bi urtez. Ikaskide eta irakasle ohiekin aurkitzea ederra izan zen. «Nire irakasle ohi batek egiten ari den proiektuaren berri eman zigun. Klima aldaketak itsasoan nola eragiten duen ikertzen ari da».

Cabo Verden egin zuten bigarren eta azken geldialdia. Ozeano Atlantikoa hiru astean zeharkatzeko janariz eta materialez ongi hornitu zuten belaontzia. Hogei metro luzeko itsasontzian eroso sentitu dira espedizioan. Gomendiourrutiak dioenez: «Belaontzia zure etxea dela pentsatu behar duzu, eta eramangarria egin zitzaidan». Alberdik lasaitasuna azpimarratu du: «Ia beti kanpoan zaude, eta itsasoa ikusita sentitzen den lasaitasuna eta askatasuna izugarria da».

Gomendiourrutia txiki sentitu zen naturaren erdian. Txikia, baina aldi berean, handia. «Orduko 20 kilometro inguruan genbiltzan, baina pixkana Atlantikoa zeharkatzen ari ginela ikusteak, gai ginela sentitzeak harrotasun pixka bat ematen zidan».

Animalia ugarirekin egin dute topo. Baleak, kaxaloteak, izurdeak, itsas dortokak eta itsas lehoiak, besteak beste. Arrain hegalariek harritu dute gehien Alberdi. «Antxoaren gisakoak dira, baina hegal luzeak dauzkate, eta harrapariengandik ihes egiteko, ur azaletik atera eta hegan egiten dute metro batzuetan». Itsasontzia jotzen zuten askok. Hamar bat kaxalotez inguratuta egon ziren unea oso berezia izan zen, bi ikasleen arabera. Gau izartsu batekin oroitu da Alberdi: «Itsasoa fitoplaktonez beteta zegoen, argia egiten duten plaktonez, eta ipurtargiak zeudela ematen zuen».

Une txarrak ere izan dituzte, onei buruz errazago hitz egiten duten arren. Ekaitzen erruz, belaontzia batera eta bestera mugitzen hasi, eta zorabioak iritsi ziren. Kapitaina eta bigarren kapitaina izan ezik, beste guztiak zorabiatu dira noizbait. Mugimenduarekin, ezin lo egin, ezin ibili; eguneko ekintzarik xumeenak egiteak esfortzu bikoitza eskatzen du. Belaontzia kontrolatzeko, lan handiagoa egin behar izaten da horrelakoetan. Ez dute inongo unetan beldurrik sentitu. Unai Basurko munduko nabigatzailerik onenetako bat alboan izateak asko lagundu die. «Ez zuen inoiz galdu berezkoa duen lasaitasun hori, eta segurtasun hori ingurukoei transmititzen zien. Egoerarik txarrenei aurpegi onarekin aurre egiten zien beti», dio Gomendiourrutiak.

Beroak eta hezetasunak ere eman dizkiete estualdiak. Ekuatorea zeharkatu dute, eta berrogei gradu izan dituzte zenbait egunetan. «Geletan egotea ezinezko bihurtzen zen. Lo egitea ere asko kostatzen zitzaidan. Bi ordu etzanda egon, eta izerditan blai esnatzen nintzen», azaldu du Gomendiourrutiak.

Mugimenduarekin, nolanahi ere, barealdietan ere ohitu behar izan dute. Belaontziak berezkoa du kulunka, haizearen indarra erabiltzen baitu mugitzeko eta oihalak inoiz ez baitoaz zuzen. Oheak ere bereziak dituzte, sehaska gisakoak, ez erortzeko.

Lurrean, harrera beroa

Argentinara iritsi ziren unea oso hunkigarria izan zen. «Lur usainak piztu zigun arreta». Ongietorri berezia egin zieten hango euskal etxeko kideek, ikurrinekin. Lurrean arraro sentitzen ziren hasieran. Itsasoko lasaitasunaren aldean, hiri handi bateko trafikoak eta zaratak nekatu egiten zituen.

Esperientziarekin, eguneroko gauzak gehiago baloratzen ikasi dute. Hemen izaten diren arazo txikiei garrantzia kentzen ikasi du Gomendiourrutiak. Janaria, familia eta lagunak gehiago baloratzen ditu orain Alberdik. «Azkenengo asterako fruta eta barazkirik ez geneukan».

Nabigatzeko arra piztu die espedizioak. Belaontzi bat erosi du Gomendiourrutiak lagun batzuekin batera. Noizbehinka irteerak egiteko asmoa du Alberdik. Itsasoak katigatu egin ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...