Nuria Agirre. Euskadiko Kutxako langileen zuzendaria

«Erantzukizunari eta kalitateari dago lotuta euskarak toki gehiago izatea»

Euskadiko Kutxa euskara plan berria egiten ari da. 100.000 bezerori euskarazko zerbitzua eskaintzea lortu nahi dute aurten.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
«Euskal gizarteari garbi erakutsinahi diogu Euskadiko Kutxarekin euskaraz mintza eta komunika daitezkeela, kanal guztietan». Euskadiko Kutxako Langileen zuzendari Nuria Agirrek hala azaldu du egiten ari diren euskara plana egiteko arrazoietako bat. Langileei begira egin dute.

Euskadiko Kutxan zenbateko elebitasun maila dago?

Lurralde batetik bestera aldea dago, baina nik esango nuke EAEn eta Nafarroan lanean dihardugun bazkideon %65ek zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna daukagula. Eta horietatik guztietatik, gehientsuenak alfabetatuta gaude. Baina ehuneko hori txikiagoa da erabilerari dagokionez. Kasu horretan, euskal hiztunak garen bazkideen erdiok erabiltzen dugu euskara barruko lan harremanetan. Gure bezeroen euskara ezagutza jakin ezin dugun datu bat da guretzat. Hala eta guztiz ere, Euskadiko Kutxak bere sorreratik euskararekiko eta, oro har, euskal kulturarekiko izan duen konpromiso estuari esker, asko dira gurekin bat egiten dutenak, ondoren gure bezero bihurtuz.

Zein arrazoi izan zenuten bide erdian dagoen Euskararen Plan Estrategikoa martxan jartzeko?

Aurrekoen berak: kanpora begira, bezeroak aukeratzen duen hizkuntzan zerbitzua eta arreta ematea, bezeroari berari eta, oro har, euskal gizarteari garbi erakutsiz Euskadiko Kutxarekin euskaraz mintzatu eta komunika daitezkeela kanal guztietan; barrura begira, berriz, lan harremanetan euskara erabiltzeko dinamikak abiatu eta gure lankideak horretara bideratzea. Organo guztiek babestu zuten plana.

Erabateko elebitasuna da xedea?

Helburu nagusiak kalitatezko zerbitzuarekin du zerikusia. Ezinbesteko baldintza da zerbitzua bezeroak edo langileak aukeratzen duen hizkuntzan eman ahal izatea. Nabarmen aurreratu da elebitasunaren bidean.

Zein berrikuntza ditu plan honek?

Euskara beste alor batzuk kudeatzen diren profesionaltasunarekin, seriotasunarekin eta eraginkortasunarekin kudeatu beharra dagoela. Euskararen presentzia areagotzeko arrazoiak kalitatearekin, negozioarekin eta gizarte erantzukizunarekin lotzen ditugu, gizarteak hori eskatzen eta aldarrikatzen baitu.

Bezeroen ehuneko zenbatek eskatzen dizue euskaraz aritzeko?

Uneotan, Euskadiko Kutxak 65.000 bezerorekin hartua du harreman guzti-guztiak euskara hutsean izateko konpromisoa. Horrek eskatzen duena zera da, sistemak guztiz egokituta eduki behar dituzula konpromisoa betetzeko. Aurtengo kudeaketa planaren barruan, hainbat ekintza adostu ditugu gurekin euskara hutsezko harremanak dituzten bezeroak 100.000 izan daitezen. Hori da 2012rako aurreikusi dugun erronka.

Bazkideen artean erabilera sustatzeko, hizkuntza irizpideak berrikusteko beharra ikusten duzue. Uneotan, zein irizpideri jarraitzen diozue?

Langileak motibatzea beharrezkoa da, baina dinamika horrekin batera beste alor batzuk bermatu behar dira: langileak euskarazko lan tresnak behar ditu, prestakuntzan euskarak presentzia nabarmena izan behar du, barne hezitzaileek euskaraz jakin behar dute, eskualde euskaldunenetan euskararen erabilera areagotze aldera hitzarmenak sinatzen jarraitu behar dugu hango eta hemengo udalekin... Nabarmendu nahi nuke Euskadiko Kutxan azken hilotan garatzen ari garen berdintasun plana euskara hutsean ari garela lantzen.

Bezeroekin harreman zuzena duten lanpostuetan euskara eskakizunak egingo dituzuela diozue. Zeintzuk dira eskakizun horiek?

Entitateko lanpostu guztiei hizkuntza eskakizunak esleitzeko erabakia hartu zen plan estrategikoa garatu zenean. Dagoeneko, adostu dugu hizkuntza eskakizunen eredua. Bezeroekin izan dezaketen harremanaren araberakoak izango dira eskakizunak.

Teknologien elebitasuna noiz izango da erabat prest?

Esan beharrik ere ez dago gaur egun zer-nolako garrantzia daukan teknologiaren alorrak: lanean erabiltzen ditugun lan tresnak horretan oinarritzen dira. Horretan dihardugu gaur egun, baina oraindik badago zer garatu teknologien inguruan, gero eta gutxiago falta zaigun arren guztiz elebidunak izateko.

Lanean egunero erabiltzen dituzuen informazio tresna batzuk abian jarriko dituzuela adierazi duzue. Zeintzuk dira tresna horiek?

Kanpora begira informazio guztia euskaraz eskaintzen da, Euskadiko Kutxak dituen kanal guztietan. Ondorioz, fase honetan barrura begira jarri gara.

Nola motibatu langileak?

Sarea izeneko bazkide kolektibo handi batek aspaldi hartu zuen euskara lan harremanetan erabiltzeko konpromisoa. Guztira, 315 lankidek osatzen dugu gaur egun taldea. Eta horren jarrera aktiboa ez duten lankideekin, hainbat ekintza bideratzen dira barne harreman formaletan eta informaletan euskararen erabilera areagotzeko: mintza saioak antolatu, banakako konpromisoak lotu, Intranetean euskarari ezinbesteko presentzia eman... Izan ere, sistemak euskaratu daitezke, baina jendearen jarrerak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.