Laffageren omenezko antzerkia, uztailaren 3an, baina ez Estafetan

Gazteluko plazan edo Caldereria kalean egitea proposatu du Iruñeko Udalak; gaur jakingo da behin betiko erabakia

ainara arratibel gascon
2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Nagore Laffageren omenezko antzerkia egin ahal izatea baimendu du azkenean Iruñeko Udalak; obraren zuzendariek, Laffageren senideek eta Astelehen Lilak elkarteaknahi bezala, hilaren 3an. Haien asmoa, ordea, Estafeta kalean egitea zen. Udalak, haatik, inguruko kaleetako batean egiteko baimena eman die. «Ulertu ditugu horretarako arrazoiak. Estafeta kalean jende eta ibilgailu ugari ibiliko dira egun horretan», adierazi zuen atzo Astelehen Lilak elkarteko Tere Saezek. Gazteluko plazan edo Caldereria kalean egitea aztertzen ari dira. «Gazteluko plazakoa ez zaigu aukera txarra iruditzen». Gaur jakingo dute udalaren azken erabakia.

Aurten, bost urte beteko dirasanferminetan Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuela. Laffageren omenez antzerki bat aurkeztu nahi zuten. Obrak Nafarroako Gobernuak antolatutako Gazteen Arte Topaketak saria irabazi zuen iaz, eta sanferminak aprobetxatu nahi zituzten gaia kalera atera eta obra aurkezteko. Entzierroaren ibilbidean egin nahi zuten. Astelehenean, ordea, horretarako baimena ukatu zien Ignacio Polok, Iruñeko Hiri Segurtasunerako zinegotziak. Hauek izan ziren argudioak: ez zela sanferminen barruan zegoen ekitaldi bat, eta zirkulazioa oztopa zezakeela.

Erabakia salatu zuten antolatzaileek eta Iruñeko Udaleko oposizioko alderdiek. Egoera bideratze aldera, bilera egin zuen atzo Enrique Maia alkateak Laffageren ama Asun Cassasolarekin, antzezlanaren zuzendariarekin eta Astelehen Lilak elkarteko kideekin. Baikor atera ziren: «Behintzat, negoziatzeko borondatea izan du. Genero indarkeriaren prebentziorako ekitaldi garrantzitsua dela esan digu». Uztailaren 4an ere egin nahi zuten. «Hori airean dago». Ordutegiari dagokionez, aurreikusi baino ordu erdi lehenago egin beharko dute: 18:30ean.

Maiak bilera aurretik hitz egin zuen, eta orduan iragarri zuen egingo zien proposamena. «Ezin dugu herritarren egunerokoa oztopatu, eta segurtasuna bermatu behar dugu. Espero dugu ulertzea, eta beste egun edo leku bat negoziatu ahal izatea».

Omenezko kale bat

Atzoko bileran, Iruñeko kale bati Nagore Laffage izena jartzea aztertu zuten. «Alkateak esan digu biktima gehiago daudela, eta beraz aztertuko dugu kaleari Azaroak 25 izena jartzea. Genero Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta ez zaigu aukera txarra iruditzen biktima guztiak gogoratzeko». Horri buruzko erabakia uda ondoren hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.