Komunikazioa. Maite Esparza. Kazetaria

«Ez baditugu herritarrak entzuten alferrikakoak dira erabaki politikoak»

Berriki 'Plaza Euskadi' saioa eman du ETB2k, eta 'EITB nahieran'-en ikusgai dago osorik. Zinexit jardunaldien harira, 'Convicencia' atala Bilbon eta Gasteizen proiektatuko dute bihar.

Maite Esparza kazetariak gidatu zuen 'Plaza Euskadi' saioa. BERRIA BERRIA / BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
ETBrako hainbat saiotan aritu da azkeneko urteetan Maite Esparza (Iruñea, 1972). K2000rekin egin du Plaza Euskadi.

Nola sortu zen Plaza Euskadi saioa egiteko ideia?

Proiektuaren sorreran Maite Ibañez historialaria egon da. Saioaren oinarria Louis Malleren 1974ko Place de la République filmean dago. Parisko plaza batean hainbat galdera egin zieten hiritarrei, garai horretako gizartearen mosaiko bat egiteko asmoz. Ideia horrekin, kalera irten ginen kaleko jendearen irudipena jasotzeko. Gainera, giza eskubideen eta bakearen alde lan egiten duten hainbat taldetako kiderekin hitz egin genuen. Analistak ere elkarrizketatu genituen, kaleko herritarren iritziak komenta zitzaten.

ETAk urriaren 20an armak uzten zituela esateak beste dimentsio bat eman dio saioari, ezta?

Bai, batzuek uste dute Plaza Euskadi-ko hiru atalak orain egin ditugula. Baina maiatz-ekain aldera grabatu genituen. Gero, Hora0 atal berezia grabatu genuen, ETAren erabakia jakin eta hurrengo orduetan. Hiru biktimekin egin genuen bilkura maiatzekoa da, eta balio handia du. Ez genuen saio informatibo bat egin nahi, baizik eta emozio eta bizipenak jaso. Konturatu gara jendea mezu politikoekin oso nekatuta dagoela. Bide luzea dugu orain, eta jendea erreta dago. Herritarren erantzunak argiak, zuzenak eta ausartak izan dira. Ezusteko handia izan zen guretzat.

Zer garrantzia ematen diozu ahots anonimoak entzunarazteari?

Funtsezkoa da. Hain asetuta gaude diskurso politikoekin eta gobernuaren diskurtsoarekin, ez dagoela ezertan aurrera egiterik gizarteko jendearen iritzia aintzat hartu gabe. Gizarte honetan bizi garenok erabaki behar ditugu gauzak, eta harremanak normalizatuak izan daitezen lan egin. Ez baditugu herritarrak entzuten alferrikakoak dira erabaki politiko guztiak.

Txoko batean GALen biktima bat, ETAren biktima bat eta Poliziaren biktima bat bildu zenituzten. Nolakoa izan zen esperientzia?

Une hori niretzat ahaztezina izan zen, bai kazetari gisa bai pertsona moduan. Jabetu ginen aurreneko aldia zela kameren aurrean horrelako bilkura bat egongo zela, eta ez genekien ondo zer gerta zitekeen. Denak eroso egon zitezen nahi genuen. Grabazioan ordubete egin genuen, eta elkarrizketa primeran joan zen, denak oso eskuzabalak izan baitziren. Batak bestea entzun zuen, eta enpatia egon zen haien artean.

Aritz Galarraga BERRIAko telebista kritikariak ontzat jo zuen bilkura, baina kameraz kanpo halakoak egitea espero zuela idatzi zuen?

Bai, nik ere pentsatzen dut kamerarik gabe horrelako bilkurak egon beharko luketela. Agian badaude, baina ez dugu horien berri. Mugimendu batzuk sekretuan egin beharko dira, eta ulergarria da bakoitzak dolua modu ezberdinean bizi duelako.

ETAren urriaren 20ko erabakiaren ostean kalera joan zineten kamerekin. Zer jaso zenuten herritarrengandik?

Berriemaile batzuk hainbat hiritara joan ginen. Nik hitz egin nuenengan emozioa eta pozaren arteko sentimendua ikusi nuen. ETAren erabakiarekin itxaropenik ez zuten gehienek, berriz, ez zuten hitz egin nahi izan.

Prozesu honetan zer egin beharko genuke kazetariok, eta zer ez?

Bakoitzak badaki zer komunikabidetan egiten duen lan eta zeinentzat. Jarrera asko sustraituta daude; konfrontazioa elikatzen da, baita frontismoa ere. Immobilismoa dago hainbat kazetarirengan, eta mezua gehiegi pozointzen da. Nire ustez, garbiketa mental bat egin beharko genuke, aurreiritziak kendu eta ikuspegi baikor batetik jo. Klase politikoari erantzukizuna eskatzen diogun bezala, kazetariok ere arduraz jokatu behar dugu. Komunikabide batzuk oso pozoitsuak dira, baina pribatuak direnezhaiek kontrolatzea ezinezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.