Soslaia. Andoni Ortuzar

Komunikabideen eta politikaren artean dantzan

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Kazetaria eta sindikalista izanagatik ere, alderdi gizona da Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari berria. Andoni Ortuzar (Sanfuentes, Abanto, 1962ko uztailaren 13a) Bizkaiko militante jeltzale pisutsuetako bat da. Iñigo Urkulluren konfiantzako gizona da, eta elkar hartuta lan egiten ohitutako bikotea da Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta alderdiaren buruak osatzen duten tandema. Aurreko kasuetan ez bezala, gobernuaren eta alderdiaren artean desadostasun irudirik egongo ez den bermea.

Gazte hasi zuen ibilbide jeltzalea Ortuzarrek. 14 urterekin afiliatu zen EGIn, eta Jobuvi-etako bat izan zen —Jóvenes burukides Vizcaínos gaztelerazko definizioaren laburdura hark asmatu zuen—. Talde hartako kide ziren, besteak beste, Urkullu bera, Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavilla. Alderdia «modernizatzeko» eta lekukoa hartzeko asmoa zuten Jobuvi-ek. Bigarren hori lortu zutela ezin uka, gaur egun alderdiko gizon indartsuak baitira guztiak. Ortuzarri ematen dizkiote PSE-EEk gain behera egin zuen garaian Ezkerraldean EAJ suspertzearen merituak ere.

Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Informazio Zientzien ikasketak. Lizentziatu zenean, Bilboko Herri Irratian hasi zen lanean, erredaktore, eta, geroztik, politikaren eta kazetaritzaren artean ibili da dantzan.

1981ean Deia-ra joan zen, eta han aritu zen 1987ra arte. Langileen kontuez arduratzen zen saileko zein Euskadi-Politikako arduradun lanean aritu zen. ELAko afiliatua zen, eta langile batzordeko kide izan zen, bertako presidente izateraino iritsiz.

1987an egin zuen aurreneko jauzia politika profesionalera. Eusko Jaurlaritzan hasi zen lanean, Presidentetza, Justizia eta Garapenaren sailean, aholkulari. Komunikazioari lotutako lanak izan zituen egiteko: prentsa arduraduna izan zen, baita nazioarteko harremanetarakoa ere. Kargua aldatu zioten 1991n. Lehendakaritzaren Idazkaritzako Komunikazio eta Zabalkunderako aholkulari izendatu zuten. Atzerriko Ekintzaren Idazkaritza Nagusia sortu berria zen, eta haren barnean zegoen postu berria.

Ardura handiagoa izan zuen 1992tik aurrera: Idazkaritzako koordinatzaile lanetan jarri zuten, eta Jaurlaritzak atzerrian egin zituen kudeaketak prestatzerakoan lehen mailako esku hartzea izan zuen. Nazioarteko eragileek Euskal Herrira egiten zituzten bisitak antolatzen ere aritu zen. 1995ean Jose Antonio Ardanza lehendakariaren esku zegoen Atzerri Jardueretako idazkari nagusiaren postua hartu zuen.

1999an egin zuen berriz kazetaritzarako jauzia. EITBko zuzendari nagusi izendatu zuten urte hartan, eta lan horretan aritu zen ia hamar urtez, 2008ra arte.

Orduan hartu zuen Ortuzarrek gaur arte izan duen postua EAJ barruan. Bizkai Buru Batzarreko buru aukeratu zuten. Iñigo Urkulluk utzi zuen BBBko kargua hartu zuen Ortuzarrek, eta orain ere hark utzi ostean hartu du EBBko buru izateko kargua.

Alderdiko ardura handiak bere esku izan dituen arren, ez du erreparorik izan izaera alaia erakusteko ere. Horren adibide dira inauterietako ekitaldi xelebreetan egin dituen agerraldiak. Adibidez, Euskoziarrez jantzita agertu zen iaz, Euskotland bihurtu zuten Sabin Etxearen aurrean, eta indioz jantzita agertu zen 2011n, bakearen pipa errez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.