Bilboko Aste Nagusia

Zaratasek aurrera jarraituko duen eztabaidatuko dute

Tas-Tas irrati libreak emititzeari utzita, konpartsa modura zer egin eztabaidatuko du udazkenean Zaratasek

Bilbo
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Aurtengo apirilean Tas-Tas irrati libreak jakinarazi zuen emititzeari utzi behar ziola. Uztailaren bukaeran saioak emateari utzita, Zaratas konpartsa umezurtz gelditu zen. Irratiaren ekimenez sortu baitzen, 2006. urtean. Oraindik ez dago argi zer gertatuko den, mahai gainean hainbat irrati proiektu berri baitaude. Baina azken hitza Zaratasek izango duela azaldu du Mikel Estarronak, Tas Tas-eko kideak (Bilbo, 1957). Erabaki hori hartzeko udazkenean egingo dituzte bilerak.

Tas-Tas irratiaren ekimenetik sortu baldin bazen ere, harago heltzea lortu du Zaratasek. Estarronaren arabera, ehun lagun inguruk lan egiten dute konpartsan. «Irratikideak, entzuleak eta irratiaren inguruan ibiltzen den jendeak osatzen dute Zaratas». Hasiera batean konpartsaren helburuak bi ziren: Aste Nagusian irratiak presentzia izatea, jende gehiagok ezagut zezan, eta irratiaren finantzaketan laguntzea. Irratia desagertuta, helburu horiek kolokan daude.

Tas-Tasek uzteko erabakia hartu zuenean, Zaratasi eskatu zion aurten ere txosna jartzeko. Ekonomikoki irratiak oraindik konpondu beharreko kontu batzuk baititu, eta txosnako dirua behar du horiek ordaintzeko. Beraz, aurtengo helburua Tas-Tas ondo ixtea da. Hala ere, Estarronak aipatu du aurten inoiz baino jende gehiagok parte hartu duela jaietan: «Muntatzera aurreko urteetan baino jende gehiago bildu da, eta txandak betetzeko ere ez dugu arazorik izan». Gainera, Bilboko konpartsek antolatzen dituzten ekitaldiez gain, aste osoko egitarau propioa antolatu dute Zaratasekoek.

Irratiaren etorkizuna

Tas-Tasek bere ibilbidea bukatutzat eman du. 21 urte uhinetan egon eta gero, espazio propioa eta entzule kopuru on bat lortu zituen. Hainbat kolektibok eta elkartek euren ekintzen berri emateko erabiltzen zuten. Espazio hori ez galtzearren, Tas-Tasen tokia hartuko duen irrati bat sortzeko hainbat proposamen daude dagoeneko. Baina proiektu berriak garatu behar dira. Eta Tas-Tasen jabetzekin zer gertatuko den ere irratiaren batzarrak erabaki beharko du. Beraz, Aste Nagusiko balantzeak eta proiektu berrirako proposamenak nola garatzen diren ikusita erabakiko dute Zaratasen etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.