Maider Undak zilarra irabazi du Europako Txapelketan, Tbilisin

Egungo olinpiar txapeldun Natalia Vorobeva errusiarrak utzi du arabarra urrezko dominarik gabe

unai zubeldia
Donostia
2013ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Azken borroka galdu izanaren penarekin geratu zen atzo Maider Unda (Aramaio, Araba, 1977), baina balentria eginda itzuliko da etxera. Abuztuan, Londresko Jokoetan, brontzea kolkoratu ondoren, atzokoa zuen 2013ko lehen erronka garrantzitsua, Europako Txapelketan, eta txapeldunorde izan zen, Tbilisin. Aldekoa izan zuen zozketa, eta perfekziotik gertu ibili zen finalera arteko bidean. Natalia Vorobeva olinpiar txapeldun errusiarra egokitu zitzaion, ordea, gero, azken borrokan, eta hortxe eman behar izan zuen amore aramaioarrak. 35 urte beteta, zazpi hilabeteren buruan bi domina irabazi ditu Undak.

«Aurkariak eraman du erritmoa une oro, eta ez dut aukerarik izan», aitortu zuen Undak zilarra jantzi eta minutu batzuk geroago. Pena hori zuen, baina «pozik» zen hala ere. Pozik ez, oso pozik zegoen Luis Crespo, Maider Undaren entrenatzailea. «Azkar esaten da, baina Europako txapeldunorde», hasi zuen hausnarketa, BERRIAren deiari erantzunez. «Ametsetik esnatu gabe jarraitzen dugu. Ikaragarria da hau. Olinpiar Jokoetan domina eskuratu ondoren, bazirudien noraezean bezala geratuko ginela; beste helburu batzuk zehaztu beharrean, alegia». Eta azkar iritsi da saria. Dominen borrokan sartzeko ilusioarekin joan zen Unda Georgiako hiriburura, eta helburua gauzatuta itzuliko da etxera.

Zozketak hala erabakita final-zortzirenetan zuzenean aurrera egin ondoren —«aurkari indartsuenetako batzuk elkarren artean kanporatuz joan dira»—, final-laurdenetan hasi zen lehian arabarra, Epp Mae estoniarraren aurka, eta une oro kontrolpean izan zuen borroka. «Nahiz eta gogorra izan den borroka». 0-3, eta finalerdietara. Langarik deserosoena igarota, gogorragoa izan zen finalerdietako lehia, Vasilisa Marzaliuk bielorrusiarraren aurkakoa. Jokoetan elkarren aurka aritu ziren brontzerako lehian, eta, orduan egin bezala, atzo ere nagusi izan zen Aramaiokoa.

«Lehiaketa hasi baino lehen zalantzaren bat edo beste bazeukan, fisikoki arazoren bat izan duelako azken hilabeteotan». Baina Undak Marzaliuki neurria ondo hartu diola ematen du, final-laurdenetan gertatu bezala, arazo handirik gabe lortu zuelako finalerako txartela: 3-0. Garaipen horrekin ziurtatu zuen domina. Albiste txar bakarra jaso zuen: Vorobeva faborito nagusia finalean zela.

0-4 eta 0-2, eroso aritu zen errusiarra finalean. «Baina ez dut aztertu ere egin nahi, benetan. Ikaragarria da Europako txapeldunorde izatea. 4.000 ikusleren aurrean, borrokaren kabian, Georgian... Egoerak berak gain hartu digu finalean, baina ez dadila amaitu amets hau». 2016ko Rio de Janeiroko Jokoan buruan dituela, «lanean jarraitzeko indarra» emango dio zilarrezko dominak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.