Urkijok auzitara eraman du Gipuzkoak Gure Esku Dago-ri emandako laguntza

«Sezesioa xede» duten taldeak ezin dira diru publikoarekin lagundu, Espainiako Gobernuko ordezkariaren arabera

Urkijo, guardia zibil batekin hizketan, Gasteizko bere bulegoan. D. AGUILAR / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2014ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Carlos Urkijoren ustez, instituzio batek ezin du lagundu erabakitzeko eskubidea bultzatzen duen elkarte edo mugimendu bat, hori egitea Hego Euskal Herriko erakundeek Espainiako Konstituzioari zor dioten «leialtasunaren» aurka egitea delako. Argudio horretan oinarrituta, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak helegitea jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak Gure Esku Dago mugimenduari emandako diru laguntzaren aurka. Administrazioarekiko auzietako Donostiako epaitegian jarri du salaketa.

Komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez eman du ezagutzera bere erabakiaren berri. Espainiako Gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, erabakitzeko eskubidea «eufemismo» bat da «independentzia aldarrikatzeko». Horrekin batera azpimarratu du «sezesiorako» eskubidea ez dagoela Espainiako Konstituzioan jasota eta, beraz, haren menpeko erakundeek ezin dutela hori babestu; «eta agerikoa da Espainiako zati batek, Euskadik kasurako, ez duela erabakitzeko eskubiderik». «Sezesioa, beraz, ezin da izan diputazio baten helburua», gaineratu du. Adierazi du, halaber, beste erakunde publikoek ere ezin dutela antzeko laguntzarik eman.

Iazko abenduan, Gipuzkoako aurrekontuen negoziazioetan, Bilduk eta EAJk adostu zuten Gure Esku Dago mugimendua diruz laguntzea; zehazki, erabaki zuten 100.000 euro bideratzea ekainaren 8an Durango eta Iruñe artean egingo den giza katea antolatzeko. Ekitaldia egiteko aste eta erdi falta denean, Urkijok erabaki du Gipuzkoako Batzar Nagusietako gehiengoak hartutako erabakiaren aurka helegitea jartzea epaitegi batean.

«Leialtasun konstituzionala»

Administrazio Publikoen Espainiako 30/1992 Legean oinarrituta egin du hori. Lege horren arabera, Espainiako erakunde guztiek «leialak» izan behar dute Espainiako Konstituzioarekin. Hortik Urkijok ondorioztatu du Gipuzkoako Aldundia legearen aurka jokatzen ari dela. Espainiako Gobernuaren ordezkariak bere erabakia arrazoitu du esanez bere betebeharra dela instituzioek hartzen dituzte legez kanpoko erabakiak salatzea. «Euskal Herrian nahiz Katalunian gizartearen parte batek ez luke ulertuko esku hartzeko eskumena dugunok eskura ditugun tresna guztiak ez erabiltzea ordena konstituzionala defendatzeko», gaineratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundia sezesioa «sustatzen» ari dela uste du Urkijok. Independentzia laguntzea zilegi dela uste du, baina ez erakunde publikoek. «Independentzia lagundu nahi duenak egin dezala, baina ez erakunde publikoek». Hala, ohartarazi du aurrekontuetan antzeko diru laguntzak jasotzea asmo duten erakunde publikoek lege urraketa bera egingo dutela, «agerikoa delako sezesioaren sustapena ez dagoela bere helburuen eta eskumenen artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.