Michele Alliot-Marie. UMPko hautagaia

«Beti erran izan dut Jon Anzari buruz nekien guztia»

Max Brisson eta Michele Alliot-Marie, joan den igandean, hauteskundeen lehen itzulian. P.TOHIER/PHOTOMOBILE.
Jenofa Berhokoirigoin.
Miarritze
2012ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Jon Anzaren desagerpena eta heriotza berari leporatzea ez du onartzen Michele Alliot-Mariek (1946, Villeneuve-le-roi, Frantzia): «Ez da une horretan Barne Ministerioan nintzelako zerbait jakin behar dudala horretaz».

Sylviane Allauxen eta zure artean lau punturen aldea da bakarrik. Garaitzeko nahiko boto aurkituko dituzu eskuinean eta zentroan?

Uste dut boto erreserbak daudela denetan, eta pertsona oro konbentzitu nahian nabil. Allauxen alde bozkatu dutenetan ere batzuk baditut konbentzitzekoak.

Maiz zehaztu duzu Allaux AHTaren aldekoa dela eta zu berriz aurkakoa. Uste duzu horrek baldintzatuko dituela igandeko emaitzak? AHTari buruzko erreferendum gisako zerbait izanen dela uste duzu?

Ez naiz segur erreferendum gisako zerbait izanen denetz. Baina argi da gure arteko ezberdintasuna egiten duen puntu handi bat dela.Baina ez da bakarra. Adibidez, arlo ekonomikoari eta enpleguari dagokienez, ez dugu ikuspuntu bera. Allaux ez bezala, ordu osagarriei zergak kentzearen aldekoa naiz, langile horientzako justizia sozial mailako elementu bat delako eta enpresen onerako delako ere. Etxebizitzari dagokionez, uste dut gazteak jabe izaten lagundu behar direla. 2007an kendu genituenjarraipenerako eskubideak klase ertainarentzat, Alderdi Sozialistak berriro ezarri nahi ditu. Horiek guztiek dute gure arteko ezberdintasuna egiten.

Jon Anzaren desagerpena eta heriotzari dagokionez, maiz zure erantzukizuna agerian utzia da. Zer diozu horretaz?

Ez da une horretan Barne Ministerioan nintzelako zerbait jakin behar dudala horretaz. Inoiz ez nuen entzun Jon Anzaz hitz egiten. Peio Etxeberri-Aintzartek eskatu zidan begiratzeko bere arrastorik ba ote genuen, baina halakorik ez genuen, ez zelako ETAko militante aktibo gisa kontsideratua. Horra, Jon Anzaz nekien guztia beti erran eta argira ekarridut.

Vincent Bru zure ordezkoa «euskaltzale» gisa aurkezten da kanpaina honetan. Euskaltzale batzuen botoak lortzeko esperantza duzu?

Ez da beti dena ikuspegi elektoralista batekin ikusi behar. Bere herrian eta ondokoetan ikastolak lagundu dituen lehenetarikoa izan da Vincent Bru. Garai hartan ez zuen aurreikusten nire ordezko izango zela! Dauzkan sinesteak aintzatetsi behar zaizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.