Komunikazioa. Adela Gonzalez. 'ETB.Hoy'-ko aurkezlea

«Gainontzeko telebistetan, ez dituzte gaiak guk bezala jorratzen»

Gaur-gaurko gaiei buruzko eztabaida saioa gidatzen du Gonzalezek ETB2n. Solasaldia ez ezik, zuzeneko informazioa ere ematen dute.

Adrian Garcia.
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Amatasun bajaren ondoren, gogotsu itzuli da Adela Gonzalez telebistara. Haurrek ondo lo egiten uzten diotela dio; garrantzitsua, 06:00etan hasten baita kazetariaren jarduna. Goizeko ETB.Hoy saioko solasaldia gidatzen du. Euskal telebistak ez du landu gaur-gaurko gaiei buruzko saiorik ordu tarte horretan, baina, pixkanaka, bere tokia egiten ari da. Ekainaren 21ean emango dute denboraldiko azkena.

Telebistatik kanpo egon ondoren, nolakoa izan da itzulera?

Banuen gogoa itzultzeko. Haurrak zaintzen oso gustura egon naiz denbora batean, baina zerbait gehiago egiteko gogoa nuen. Faltan sumatzen nuen gaurkotasuna, kamera aurrera itzultzea.

Consumidores saioan ibili zinen aurretik. Aldaketa handia al dago ETB.Hoy-ko solasaldiarekin?

Hein handi batean, oinarria berbera da. Gai batzuk daude, eta solaskideen arteko eztabaida egiten da. Consumidores saioan, kontsumoa zen ardatza, noski, eta adituek eta kontsumitzaileek gai itxi horri buruz hitz egiten zuten. ETB.Hoy saioan, berriz, gaur-gaurko gai askori buruzko ikuspegia lantzeko aukera dago, eskarmentu handiko kazetariekin, gainera. Oinarria bera da; mahai inguru bat egiten da gai bati buruz asko dakiten lagunekin.

Gaur-gaurko gaiei buruzko eztabaida saio asko daude telebistan. Zertan da berezia ETB.Hoy?

Hemengo telebista dela kontuan izanik, gure ikuspuntuak egiten gaitu berezi. Barcenas auzia, krisiaren aurka har daitezkeen neurriak eta beste gai batzuk gure lurraldetik nola ikusten diren erakusten ditugu. Izaera propioa eta gure ezaugarri bereziak ditugu, eta gauzak ikusteko era berezia dugu. Ziur naiz gainontzeko telebistetan ez dituztela gaiak modu berean jorratzen. Esaterako, shaolin sasi maisuaren auzia.

Solaskideen ezaugarriak askotarikoak dira.

Horretan saiatzen gara. Ikus-entzuleari gizartean dagoen aniztasuna eskaintzen saiatzen gara. Aniztasun hori guztion eskura dagoen hedabideetan islatzen da. Telebista publiko baten eginkizuna da hori, eta beharrezkoa iruditzen zait aniztasun hori errespetatzea.

Eztabaidak irauten duen bitartean, zuzeneko konexioak eta bestelako informazioa ere ematen duzue.

Eztabaidatzen ditugun gaiei buruzko xehetasunak ematen saiatzen gara. Ikus-entzuleak ez du zergatik dena jakin. Solasaldian, gaiaz asko dakiten kazetariek parte hartzen dute. Informazio horiekin, gaira hurbiltzen saiatzen gara. Zuzeneko konexioez gain, protagonisten adierazpenak ere eskaintzen ditugu. Horrekin jokatzen dugu; zuzenean iritsi ahala ematen ditugu. Horrek bizitasuna ematen dio saioari. Zuzeneko informazioak eskaintzeak bizitasuna ematen dio.

Bi hilabete inguruko ibilbidea egin duzue. Nolako emaitzak lortzen ari zarete?

Emaitzak pixkanaka etorriko dira. Orain arte, horrelako saiorik ez da egin ETBn ordu horretan. Egun on, Euskadi lehena-go ematen zuten. Ordu tarte hori landu behar dugu, eta zaila da hori egiten. Tarte horretan gainontzeko kateetan ondo kokatutako produktuak ditugu lehia- kide. Ikusle leialak dituzte, eta zaila da egun batetik bestera mugiarazten. Pazientzia behar da; oraingoz, hazia ereiten ari gara.

Bi orduko saioa da. Ez al zaizu luzeegia egiten?

Ez, ez. Saioak erritmo biziagoa edo motelagoa du, gaia eta solaskideen arabera. Batzuetan horrenbeste bizitasun ez du eztabaidak, baina esaten direnak oso interesgarriak dira. Saioro zerbait ikasten dut. Horrez gain, zalantza eta galdera asko pizten zaizkit nire baitan. Asko gozatzen dut solasaldiarekin; ez zait batere luzea egiten. Solaskideak entzuteaz gain, belarriko entzungailutik esaten didatenari erne egon behar dut. Oso minutu biziak dira, eta oharkabe igarotzen zait denbora. Askotan, gauza asko esan gabe geratzen dira denbora faltagatik, baina bada idatzi gabeko arau bat telebistan: hobe da jendea hitz egiteko gogoz geratzea, horrela beste batean itzuliko dira eta.

Saio asko egin dituzu: Pásalo, Consumidores... Telebistan jarraitzeko, beharrezkoa al da orotariko kazetaria izatea?

Hala uste dut nik. Kazetaria naiz ikasketaz, baina ez nuen sekula pentsatu telebistan lan egingo nuenik; eta jakin ezazu non buka dezakedan! Eskarmentuak egiten du bat orotariko kazetari; denetarako prest egon behar da. Gaur-gaurko gaiak oso gogoko ditut. Aisialdiko saioak ere bai. Garrantzitsua da erdibideko puntua aurkitzea, txantxa bat noizean behin ez da gaizki etortzen, egoerak laguntzen badu, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.