Imanol Magro Eizmendi.
Iritzia

Bonboneran

2014ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Etxeko tabernako publizitate hesia genuen Ipuruan. Aita futbolzalea zen, eta behe mailetako zelai guztiak ezagutu zituen Eibarrekin. Urteetan mantendu genuen hesia, baita Bigarren Mailan ere. Ipurua aitarekin eta aitaren kuadrillakoekin joaten ginen tokia zen, patata zorroa eskutan eta txartel arrosa galtzetako atzeko poltsikoan. 5-6 urte, eta Garmendia zen idoloa, ate batetik bestera sarturiko gola ikusi nuen. Asteartero, Luluaga gurera etortzen zen, eguerdian, banatzaile baitzen ogibidez—Eibarreko jokalariek betidanik izan dute beste lanen bat—, eta gurasoekin lasai hizketan ikusteak harritzen gintuen. Lulu zen, eta ezagutzen ninduen! Haren autografo asko nituen, ordainagiri guztietan uzten zuen sinadura, baina inoiz ez nintzen ausartu elastiko preziatua eskatzen.

Elastiko falta hori ume askok pairatu zuten, garai haietan ez baitzen erraza lortzea, eta agian horregatik gerturatu izan ginen Athletic edo Realera. Beti bi talde aipatu behar, Eibarrekoa eta Realekoa, edo Eibarrekoa eta Athleticekoa. Hor ere diglosiara kondenatuak. Oraindik ere norbaitek Eibartik kanpo eibarzalea dela dioenean, ea herrena Anoeta edo San Mameserantz duen galdetzea izaten da hurrena. Paternalismo zantzuak dira. «Ez, ez, Eibarzalea bakarrik». Ipuruan ez zaie ezer txarrik opa bi handiei, baina urteekin ezinbestean besteengana gerturatu behar izanaren joera amaitzen doala iruditzen zait. Alegia, ume gehiago ikusten ditudala Eibarren elastikoekin marra txuridun baten batekin baino. Futbolariak estralurtarrak ez izateak ere lagunduko du, okindegian haiekin topo egiteak, kalean... ikustekoa iragan igandeko ordu txikietan zaleekin izandako gertutasuna. Itxaropena dut Lehen Mailara igotzea pauso erabakigarria izan daitekeela hiriburuetako tentazioetan ez erortzeko.

Eibarrek duen amurik handiena, dena den, Ipurua da, zelai berezi hori. Xarma du. Aldaparen goi aldean. Benetako futbola ikusteko—Eibarren foball-a deitzen diogu futbolari—, eta bizitzeko, tokirik onena. Umeek plazetan golak sartzean Ipuruan irudikatzen dute euren burua. Eta harmailetan, zaleak, beti sufritzaileak, tribuneroak eta Bonboneran, builosoak. Ni umetan jartzen nintzen tokian dago orain Eskozia la Brava, orain ezagunak. 1980ko hamarkadan aitak egiten zuen bezala, orain eurak dira Noja, La Muela, edo Alcoira joan izan direnak. Tartean, Yerai, Maite, Joseba eta besteak, animoso beti; orain, arrakastan, eta baita Ipuruan 1.200 ikusle bakarrik joan ziren egunean ere. Eurengatik pozten naiz gehien. Esan nien, eta esaten diet. Eurengatik ere, «Eibarzale bakarrik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.