Eraso homofoboak jasan dituzte bost lagunek Bilbon

Hiru erasoren berri eman dute EHGAMek eta Bilboko Konpartsek; elkarretaratzea egin dute portaera horien kontra

Erasoen aurkako protesta, atzo arratsaldean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Gutxienez bost pertsonak eraso homofoboak jasan dituzte Bilboko Aste Nagusiko jai eremuan asteburu honetan. Bost izan dira, behinik behin, EHGAMek eta Bilboko Konpartsek jakinarazi dituztenak: hiru erasotan bost pertsonaren kontra egin dute.

Ostiralean, 02:00ak aldera izan zen lehen erasoa. Mutil gazte batzuek edaria bota zieten gainera bi gizonezkori. Gazteei kontuz ibiltzeko esan zieten horiek, eta bortxaz erantzun zuten gazteek, gizonetako bati ukabilkadak emanez. Lurrera erortzean hartu zuen kolpearen ondorioz ospitalera eraman behar izan zuten, konortea galdurik. Pare bat ordu geroago, bikotekideari musu eman zion gizon bati ere ukabilkadak eman zizkioten begian eta lepoan, eta mutil-lagunaren aurka ere egin zuten jarraian. Biktimen arabera, 20 bat urteko mutil talde bat izan zen orduan ere eraso egin ziena. Bada salaketarik jarri ez den arren Bilboko Konpartsek jakitera eman duten beste kasu bat. Larunbat goizean andre baten aurkako erasoa izan zela esan dute, eta homofobiak eragin zuela hori ere.

EHGAM Euskal Herriko Gay-les Askapenerako Mugimenduak gogor kritikatu ditu jazoera horiek guztiak: «Halako eraso homofoboak gurearen gisako gizarte matxista eta heterosexista batean baino ez dira gertatzen», eta«gogoeta sakona» eskatu dio gizarteari. Bilboko Konpartsak ere ez dira mutu gelditu erasoen aurrean. Eraso homofoboek gizartean lekurik ez dutela esan dute, «are gutxiago, jaien barruan».

Jazoeren aurrean gaitzespena erakusteko elkarretaratze batera deitu zuten Bilboko Konpartsek atzo, 18:00etan, Arriga Plazan. Deialdiari atxiki zitzaion EHGAM elkartea ere. Gauerdian, berriz, txosnak itxi zituzten hamabost minutuz, eta lapikoez burrunba egin zuten, protesta gisa.

Bortxaketa saioa

Gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, emakume bat bortxatzen saiatu eta hari lapurreta egitea egotzita. Bilbo Zaharrean izan zen erasoa, ostiralean, arratsaldeko bostetan. Gizonezkoak jo eta kartera kendu egin zion andreari. Haren oihuak entzun zituen gizon bat laguntzera gerturatu zen, eta uxatu egin zuen erasotzailea. Poliziari dei egin zion, eta inguruan zebilen zerbitzuz kanpoko agente batek harrapatu egin zuen ustezko erasotzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.