Oiana Blanco. Judoka

«Olinpiar Jokoak eskura dudan amets bat dira»

Olinpiar Jokoetan sartzeko aurrerapauso handia eman zuen duela bi aste, Kazakhstango Munduko Kopako proban sasoiko hirugarren urrezko domina lortuta. Asteburu honetan Abu Dhabin lehiatuko da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Oiana Blanco (Orio, Gipuzkoa, 1983) buru-belarri dabil asteburu honetan Abu Dhabin jokatuko duen sari nagusia prestatzen. Astero hiru egunez entrenatzen da Usurbilgo kiroldegian, eta, epe motzeko helburuak ez ezik, hurrengo urteko Londresko Olinpiar Jokoak ere begiz jota ditu.

Denboraldi hasiera ona egin duzu, Munduko Kopako hiru proba irabazita. Nola ikusi duzu zeure burua?

Oso gustura nago. Txapelketetan, orain arte, lasai aritu naiz, eta gauzak ondo ateratzen ari dira. Eginiko lanak ematen duen konfiantza dut, eta txapelketa guztietan gustura gelditu naiz eginiko lanarekin, nahiz eta emaitzak beti ez diren lagun izan.

Azken urreak Parisko Munduko Txapelketan jasotako kolpea arintzeko balio izan al dizu?

Kolpea ez zen hain handia izan. Latzena domina gabe itzultzea izan zen. Denboraldiko probarik garrantzitsuena zen, eta han emaitza ona ez lortzea pena da, baina uste dut lan ona egin nuela. Ni gustura aritu nintzen, eta orain ikusi da sasoi onean nagoela. Baina beti ezin da irabazi, ezta domina lortu ere.

Orain Olinpiar Jokoetarako sailkatzea da helburua?

Kirolari batentzat Olinpiar Jokoetan parte hartzea gerta dakioken gauzarik handiena da. Gaur egun, han aritzea, ametsa baino gehiago, nire esku dagoen zerbait dela ikusten dut, hortxe baitaude. Badakit horrela jarraituz gero lehenago edo geroago iritsiko dela eguna Olinpiar Jokoetan lehiatzekoa. Maiatzera arte denbora dago oraindik, baina gogotsu eta ilusioz gainezka nago; nire ustez, hori da garrantzitsuena.

Azken Olinpiar Jokoetan euskal judokaren bat egon da beti. Hurrengoa zu izatea espero duzu?

Ni eta beste norbait ere han egotea espero dut. Egia esan, hori lortu nahi dut, eta horretarako borrokatuko naiz. Kontuan izango dut errealitate bat dela eta nire esku dagoela. Horrek ilusioa sortzen dit.

Londres... Ez al da gainkarga hainbeste zentratzea helburu horretan?

Egia da azken urteetan Londresko helburua beti izan dudala. Txapelketen atarian beti dut puntuak lortzearen presioa, baina lehiatzeko egunean ez, dena ahazten dut, eta ez dut horretan pentsatzen. Ahalik eta lan onena egiten saiatzen naiz, borrokaz borroka pentsatzen, eta ez dominetan. Horrela, etor daitezkeen ondorioetan pentsatzea saihesten dut.

Eta orain zer?

Maiatzera arte denbora luzea geratzen da, orduan amaituko da denboraldia. Asteburu honetan Abi Dhabin lehiatuko naiz. Han ahalik eta puntu gehien lortzea espero dut.

Gastu eta bidaietarako diru laguntza nahikoak badaude?

Orain arteko bidaia guztiak Espainiako Federazioarekin egin ditut, eta hura arduratu da. Egun badugu aukera gure kabuz bidaiatzeko zenbait txapelketetara, baina zaila da, judoan babesleak izatea oso zaila delako. Orain arte Kirolgi izan dut babesle, eta orain, BAT Basque Team. Horiek dira nik ditudan laguntza bakarrak. Baino, oro har, zaila da edozein enpresa judoan sartzea.

Eta entrenamenduak? Nola planifikatzen dituzu?

Ni klubean entrenatzen naiz, eta bertan jendea lanean eta entrenatzen aritzen da. Nirekin alderatuta, denbora gutxiago eskaintzen diote, baina normala da, ni erabat murgilduta bainago judoan. Fisikoki asko zaintzen dut neure burua, txapelketek ahalegin handia eskatzen baitute. Eta judorako garaian, beti dago klubeko jende hori laguntzeko prest. Kirol honetan jende gutxi aritzen garenez, erraztasun handiagoa dago elkar laguntzeko, borrokako lana ezinbestekoa delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.