Elkarrizketarako gonbita egin dio Amaiurrek PPri, Goioagaren aferan

PPk izendapenaren kontra jarritako mozioaren harira, eztabaida antzuak alde batera uzteko eskatu dio

Erredakzioa
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Iñaki Goioagaren izendapena dela-eta PPk jarritako mozioaren harira aritu ziren atzo eztabaidan Espainiako Senatuan —herenegun hartu zuen senatari kargua Goioagak—. Alberto Unamunzaga Amaiurreko senatariaren arabera, PPk aurkeztutako helegitea Eusko Legebiltzarrak adierazitako borondatearen aurkako «erasoa» da. Goioagak indarrean dituelako bere «eskubide sozial eta politikoak». Horregatik, «ezertarako balio ez duten» eztabaidak alde batera utzi eta «elkarrizketa eraikitzailerako» gonbita egin zion Amaiurreko senatariak Alderdi Popularrari.

Koalizio subiranistako senatariak gogor kritikatu zuen PPren jarrera, «epaile goren eta bakar gisa» aurkeztu duelako bere burua. Eta zera gogorarazi zion: «Espetxean bakartze egoeran bi urtez egon ondoren, Goioaga kargurik gabe libre utzi zuen epaileak, fiskalak berak erabaki hari helegitea aurkeztu gabe».

Unamunzagak biktima guztien samina onartu eta konpontzeko eta zauri pertsonal eta sozialak sendatzeko beharra azpimarratu zuen. «Guztiok nahi dugun elkarkidetzaren oinarriak adostu behar dira».

Jokin Bildarratz EAJko senatari izendatu berriak ere Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakiak «errespetatzeko» eskatu zuen. «Terrorismoaren biktimei» euren babesa agertu zien, baina ez zuen bat egin PPk proposatutako mozioarekin, «pertsona eta pentsaera asko zauritzen direlako». Luis Aznar PPko senatariaren iritziz, «iseka egitea da» Goioaga postu horretan jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.