Antartikara hurbiltzen

Espedizioan, itsas bioaniztasuna aztertu nahi dute, gazteak itsasoetako aberastasunaz jabetzeko. Bidaiaren dokumentala ari dira grabatzen.

Ilargi Agirre.
Donostia
2013ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Pakea Bizkaia belaontzia espedizioko bigarren zatian sartuta dago. Antartikara bidean da; Antartikako uharteetan zeuden atzo. Tripulazioan, Kepa Acero surflaria dago, 5 Itsaso egitasmoarekin jarraituz; aurretik inork surfean egin ez duen leku batean aritu nahi du Acerok, eta hori eginez gero, Antartikan olatu bat hartzen duen lehenengo europarra izango da. Bidean, Cheminées Poujolat belaontziko Bernard Stamm suitzarra lagundu behar izan dute, erregai gutxirekin gelditu eta arazoak baitzituen.

Espedizioak euskal diasporarekin harremanak sortzea du xede, eta Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta, Miguel Lopez de Legazpi eta halako marinelei omenaldia egitea. Horrez gain, itsas bioaniztasuna aztertu nahi dute, itzuleran Getxoko kirol portuan eskoletako ikasleekin bisitak antolatzeko, aurreko urteetan Ipar lurmuturreko eta Groenlandiako espedizioekin egin bezala.

Proiektuaren hezkuntza koordinatzailea Andrea Ruiz da. Unai Basurko kapitainarekin eta Gonzalo Terceño bigarren kapitainarekin batera, espedizio osoan parte hartzen ari den bakarra. Ruizek azaldu duenez, itsasoko biodibertsitatearen inguruan kontzientziatu nahi dituzte gazteak. Gizakiak ozeanoetan egindako kalteez jabetu, eta eguneroko jardueretan erantzukizunak hartu ditzaten. Horretarako, dokumental bat ari dira grabatzen espedizioan. «Itsasoko animaliei buruz hitz egingo dugu, batez ere, eta hori erakutsiko diegu gazteei Getxoko gure egoitzan». Belaontzia barrutik ezagutu, eta ontziko bizitzaren eta nabigazioaren inguruko azalpenak emango dizkiete. «Nabigazio bateko elkarbizitza oso estua da. Hemen, guztien segurtasuna besteen menpe dago, eta elkarlana eta esfortzua ezinbestekoak dira aurrera egiteko. Gazteei balio horiek transmititu nahi dizkiegu».

Bisiten aurretik edukia landu dezaten, ikasleentzako fitxak egin dituzte www.pakebizkaia.-com webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.