'B' plana itsusia da

Azken-aurreko postuan amaitzen badu, Lagun Arok bulegoetan izan dezake ACB ligan jarraitzeko aukera

Sito Alonso Lagun Aroko entrenatzailea, imintzioka, Kanariaren aurka etxean jokaturiko partidan. JON URBE / A. PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
«Oraindik mailari geure kasa eusteko aukera dugu», esan zuen ozen Sito Alonso Lagun Aroko entrenatzaileak iragan larunbatean galdu ondoren. Egia da; horretarako, baina, gelditzen zaizkion hiru partidak irabazi behar ditu: Kanaria Handia, Bartzelona eta Real Madrilen aurka, eta Fuenlabradak, era berean, hirurak galdu behar ditu. Gerta daiteke, baina oso zaila da, ia miraria; beraz, taldeko zuzendaritza B planean pentsatzen hasi beharra dauka.

Bulego hitza b-rekin idazten da, eta hortik dator B plana. ACB ligan dauden eta Urrezko LEB ligatik igoko diren taldeen egoera ikusita, oso zaila dirudi guztiek maila gorenean lehiatzeko bere eskubideari eustea. Bateren batek ez ditu gutxieneko baldintzak beteko, eta hutsune hori baliatzeko garrantzitsua da azken-aurreko izatea. Horretarako, baina, Lagun Arok partida bat irabazi behar du gutxienez, edo Manresak ez ditzala hirurak irabazi.

Baina bulegoetako aukera erreala da? Bai, noski. Iragan sasoian maila galdu zuten bi taldeek, Estudiantes eta Valladolidek, bulegoetan eutsi zioten mailari, eta sasoi honetan ACB ligan aritu dira. Ordukoan Iberostar Canarias eta Menorca izan ziren gutxieneko baldintzak bete zituztenak, eta sasoi honetan Burgos da antzeko egoeran dagoena. ACB ligak baldintza zorrotzak jartzen dizkie mailaz igo behar duten taldeei: 3,4 milioi euroko kanon bat, 1,7 milioi jaitsierak eta igoerak kontrolatzeko funtserako eta 5.000 ikusletik gorako pabiloia. Egun Burgosek ez du hiruretako bat ere ez, baina udalak esan dio pabiloia handitzeko lanak egingo dituela.

Diruarena da arazorik handiena, eta konpontzeko, Valladolidera begira daude. Gaztela eta Leongo beste ACB ligan dago, baina maiatzaren 31n bere jokalariei soldaten %15 baino gehiago zor badie, talde horrek maila galduko du. Burgosek Valladoliden diru laguntza publikoa jasoko luke hala, baina, kasu horretan, Lagun Arok Valladoliden tokia beteko luke. Hitz bitan, alde handia dago ACB ligan azkena edo azken-aurrekoa izan. Akuilu garrantzitsua da lanean jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.