Arrauna. Kontxako Bandera

Erlojua ere bare

Astillero, Kaiku, Tiran, Hondarribia, Urdaibai, San Juan eta Pedreña sailkatu dira Kontxako Bandera jokatzeko11 segundoan sartu dira zazpi sailkatuak, eta San Pedro bi segundogatik ez da sartu

Astilleroko San Jose XIV.a trainerua, ziaboga emateko prest, atzo Donostiako Badian, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Kantabriako ontziak egin zuen denborarik onena. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Berdintasun ikaragarri handia egon zen atzo Donostian, Kontxako banderara sailkatzeko estropadan. Zazpi izan ziren aukeratuak, eta zazpi horien artean 11 segundoko aldea baino ez zen egon. Astillero garaileak tarte horixe atera zion Pedreña zazpigarrenari, eta mugarri estu horretan sartu ziren gainerako bostak: Kaiku, Tiran, Hondarribia, Urdaibai eta San Juan. Zazpikote horixe izango da datozen bi igandeetan lehian, traineruen denboraldiko estropada preziatuenean.

Berdintasuna azaltzeko beste datu gehiago ere badira. Lehen hirurak segundo berean sartu ziren; hirugarrena eta laugarrenaren artean segundo alea besterik ez zen egon; lehen bostak bost segundoan sartu ziren; eta aurreneko seiak zazpi segundoan. Halako alde estuekin, normala izaten da krudelkeria egotea kanpoan geratu den aurrenekoarekin, eta atzo ere halaxe izan zen: San Pedrok egin zuen inork nahi ez duen zortzigarren postuan, eta bi segundogatik geratu zen sailkatu gabe. Parekotasunaren berri emateko beste erreferentzia bat: kanpoan geratu ziren aurreneko seien arteko aldea hamar segundokoa izan zen. Itsasoa bare-bare zegoen, eta erlojua ere ez zen asko mugitu; oso mugimendu txikiak egin zituzten orratzek.

Baldintzak ikusita, kuadrilla indartsuenen aldeko ezaugarriak zeuden. Erlojuaren aurka zela gaineratuz gero, ibaian egindako estropaden antza hartu zuenatzokoak. Baina aldeak aurten ibaietan izan direnak baino txikiagoak izan ziren. Azkenean, aurrez uste zena erabat betez, eta aldeak alde, San Miguel ligako lehen zazpi sailkatuak sartu ziren. Beste ligetakoen artean Amegrove bakarrik geratu zen sailkatzeko gertu; bi segundo izan zituen soberan. Galiziako ligako lehen sailkatua bakarrik ibili zen oilarren ondoan. KAE 1eko bi aurrenak, Portugalete eta Zierbena urruti geratu ziren. Portugaleteren jiran bazen kontu ugari, sartuko zela eta halakoak, baina azkenean, hamabosgarren egin zuen, eta Astillerok 31 segundo atera zizkion. Zierbenak berak ere aurrea hartu zion.

San Miguel ligakoak bigarren multzoan atera ziren; aurrenekoan gainerakoak. Ziaboga bakarra zen erreferentzia jatorrena denborak eta zehatz hartzeko. Buelta emateko puntu horretan, gero sailkatu zirenen artean, bakarra zegoen kanpoan: Pedreña. San Pedrok eta Oriok marka hobea egin zuten mugarri horretan. Ederki erakusten zuten denborek estu joango zela gauza. Estropada erdia izaten da ziaboga Donostian, eta aldeak oso txikiak ziren. Castro eta Zumaia, esaterako, hiru eta lau segundora zeuden sailkatzetik, hurrenez hurren. Aurreneko zazpien artean sei segundo baino ez ziren ziabogan. Bigarren luzean erabakiko zen dena, eta tarte horretan, Pedreña hobeto moldatu zen San Pedroren eta Orioren aldean. Sustohandia hartu zuen espainiarrek, azken arraunkada arte ez baitzuten lotu sailkapena. Ligako lehen sailkatuen artean kanpoan geratzekotan Pedreña gera zitekeela aukeretako bat zen, ontzi irregularra delako, eta justu ibili ziren.

Behin lanak amaituta, denborak aztertzeko garaia hartu zutenean arraunlariek eta entrenatzaileak, datu honi erreparatuko zioten: bigarren luzean hamar minututik behera ibili ziren zazpi ontziak sailkatu ziren. Hamar edo hamarretik gora egin zuenak luze hori ez zuen aukerarik izan sailkatzeko. Bigarren erdi horretan azkarrena Tiran izan zen. Ohikoa du lanak bikain amaitzea, eta atzo ere horixe bera egin zuen. Astillero eta Urdaibai baino bi segundo azkarrago ibili zen bigarren luzean, eta Kontxan izango da Galiziako ordezkaria.

Igandeko txandak

Erlojuaren aurkako lehia amaitu eta berehala egin zen etziko txanden zozketa Donostiako udaletxean. Honela banatu zituen zozketak: aurrenekoan izango dira Kaiku, Urdaibai, Pedreña eta Donostiarra; bigarrengoan arituko dira gainerako laurak: San Juan, Hondarribia, Astillero eta Tiran. Atzokoarekin ez du batere zerikusirik izango etzikoak. Hasteko, jakina, ez delako erlojuaren aurkakoa izango. Eta gero, itsasoaren eta eguraldiaren baldintzak zeharo ezberdinak izango direlako atzokoekin parez pare jarriz gero; itsaso berdea dago emanda, trapaila, eta haizeak azaltzeko asmoa omen du iragarpenen arabera. Metro eta erdiko olatuak daude emanda, eta halako baldintzetan, atzoko alde estuak desagertu egingo dira.

Donostian, ohikoa izaten da haizeak gora egitea bigarren txandan, eta itsasoaren iragarpenak betetzen badira, askoz hobeto molda daitezke aurreneko txandakoak. Hala izan ohi da Kontxako estropadan, eta iragarrita dagoenarekin, nabarmenagoak izan daitezke aldeak. Baina kontu horiek denak egunean eta momentuan bertan argituko dira. Aurrez esan edota idazten den guztia hankaz gora bota dezakete arraunlariek eta patroiek.

San Pedro, haserre

Multzo horretan da Joseba Fernandez. Egun, Astilleron da, Castrotik bidali eta gero hara joan zelako. Atzo arraunean egin zuen, eta bada istilua horrekin. Josetxo Aranburuk, San Pedroko presidenteak ETBri adierazi zionez, «legez kanpokoa da Fernandezek Kontxan arraun egitea. Abuztua baino lehen eman behar zuen izena Astillerorekin arraun egiteko, eta uztaileko azken egunean, Castrorekin egin zuen arraun Zumaian. Beraz, ez du baldintza betetzen». Kontua da, ordea, Kantabriako arraun federazioak bidali duen agirian, hau jartzen duela: abuztua baino lehenagotik dela Astilleroko arraunlari Fernandez. Aranburuk hau esan zuen horren aurrean: «Donostiako Udalak badaki agiri horretan gezurra esaten dela, eta Kantabriako federazioak manipulatu egin duela, baina beste alde batera begiratu du, agiria onartuz». Helegiterik ez dutela jarriko gaineratu zuen, «Udala bera delako helegitea aztertu behar duena. Eta ikusi dugu zer iritzi duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.