Danel Elezkano. Asegarceko pilotaria

«Garai onak bezala, badakit txarrak ere etorriko direla, eta prest egon behar dut»

Hamar hilabete pasatu dira bakarrik debuta egin zuenetik, eta 19 urte baino ez ditu. Hala ere, bikain egokitu da profesionaletara, eta, etzi, Bigarren Mailako buruz buruko finala jokatuko du Alvaro Untoriaren aurka.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bigarren Mailako buruz buruko finala jokatuko du etzi, Iruñean, Alvaro Untoriaren aurka. Danel Elezkanok (Zaratamo, Bizkaia, 1994) goizean aukeratu ditu pilotak, aitaren laguntzaz, eta gustura gelditu da. Hurrengo egunak lagunekin eta lasai antzean pasatzen saiatuko da, baina kostako zaio finala burutik kentzea. Hizketan entzunda, 19 urte baino gehiago dituela dirudi.

Urduritasunik sumatzen al duzu jadanik?

Orain arte, nahiko lasai nago. Ondo daramat astea, baina partida hurreratzen joan hala, urduritasuna igotzen joango da. Baina, tira, nire ustez, urduritasun puntu bat izatea ona ere izan daiteke.

Finala joaten al da burutik?

Zaila da, niretzat aukera oso polita delako finala jokatzea. Baina, tira, egun batzuk falta dira oraindik, eta ez da ona beti finalean pentsatzen egotea.

Inor gutxik espero zintuen hain goiz finalean.

Normala da jendearentzat sorpresa izatea, eta niretzat ere sorpresa apur bat izan da. Hamar hilabete daramatzat bakarrik profesionaletan, eta nik ere ez nuen espero final batean egotea.

Bide luzea izan duzu finalerako. Lau partida irabazi behar izan dituzu; asko gogorrak... Zure ustez, zergatik sailkatu zara?

Txapelketa ondo prestatu dut. Gogo handiarekin nengoen txapelketa ona egiteko, eta partidaz partida joan naiz. Garai txarrak ere pasatu ditut, partida askotan atzetik joan naizelako, baina horietan ere eusten jakin behar da.

Behetik gorako bide asko izan dira.

Partida guztiak gogorrak izan dira. Txapelketan ez dago partida errazik, baina, egia esan, neure burua gero eta hobeto ikusi dut.

Zein traza hartzen diozu finalari? Bi estiloren arteko talka dirudi.

Bai. Untoria atzelaria da, piloteoan eroso egoten dena, eta ni, aurrelaria izanda, tantoa bukatzen saiatuko naiz. Untoriaren aurkako partida oso gogorra izango da; sekulako urtea egiten ari da.

Untoria gogorra da; hori ez da piloteoan nekatuko.

Bai, bai... Bigarren Mailako hiru finaletan sartu da, eta horrek erakusten du zer-nolako maila duen. Partida guztietan erakutsi du gauza on asko dituela eta ez duela ezer oparitzen. Pilotari oso gogorra da, eta partida luzatzen bada, zaila izango da hari irabaztea.

Urtebete baino gutxiago debutatu zenuenetik. Zer moduz ikusten ari zara zeure burua?

Nahiko gazte egin nuen debuta, eta, hala ere, gauzak ondo ari dira irteten, oraingoz. Eskerrak eman behar dizkiot enpresari, jasotako aukerengatik.

Bigarren Mailako txapelketa erakusleiho polita izan daiteke udarako.

Tira, ni gustura nago orain arte eginikoarekin. Partida onak jokatzen ari naiz, eta ez dut pentsatzen udan izango ditudan partidekin.Aurreneko finala da, eta gero, gerokoak.

19 urte baino ez, lehen finala... Zaleak Elezkano II.a ikusi nahi du. Ikusmin hori sumatzen al duzu?

Ez dut uste horri buelta asko eman behar zaionik. Ni gustura nago nire lanarekin, baina garai onak egon diren bezala, badakit txarrak ere etorriko direla, eta horretarako prest egon behar dut. Halere, asko eskertzen dut zaleek ni ikusteko izan duten gogo hori; babesa nabaritzen da, eta eskertzekoa da hainbeste jendek Zaratamotik Iruñerako bidea egiteko gogoa izatea.

Zaratamo-Galdakao inguru horretan afizio handia dago. Finalak giroa piztu al du?

Zaratamo herri txikia da, baina pilotarako afizio ikaragarri du, eta jende asko hurbildu da pilotalekura nik jokatu dudanean. Babes hori oso polita da. Eta uste dut autobus bat edo beste prestatu dutela etziko.

Eta etxean? Aitak eta anaia zaharrak ere afizio handia dute.

Nik asko diet eskertzeko biei, haiek direlako mundu honetan gehien lagundu nautenak. Haiek lasai egoteko esaten didate, ea lortzen dudan. Asko zor diet haiei biei, Mikel Etxegiari eta izandako entrenatzaile guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.