Hilabeteko epea dute oposizioko alderdiek etxeko lanak egiteko

Martxoaren 31 da parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzeko azken eguna

Maialen Unanue Irureta.
2014ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Maiatzaren 25a da eguna. Egun horretan ospatuko dira Europako Parlamenturako hauteskundeak. Eta ez da beste egun posiblerik geratzen Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko, hainbat arrazoirengatik. Gakoa, baina, Europako hauteskundeek markatzen dute. Izan ere, Nafarroan hauteskundeak arautzen dituen legediak dioenez, hauteskundeak aurreratu nahi diren urtean Europakoak ospatzen badira, eta gainera, lau hilabete baino epe motzagoan egingo badira, ezin da beste hauteskunderik deitu. Deitzekotan, egun berean egin beharko dira, hau da, maiatzaren 25ean. Ezin daitekez beranduago egin, ezin direlako hauteskundeak aurreratu legealdia bukatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen bada. Gaurtik hasita, beraz, hilabeteko epea dute PSNk, Bilduk, Aralar NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik zeregin horretarako.

Eta horrek, automatikoki, martxoaren 31n jartzen du fokoa, hauteskundeak egin baino 55 egun lehenago deitu behar baitira, horiek arautzen dituen legediak hala baitio. Horrez gain, hauteskundeak aurreratu ahal izateko, hainbat lan egin behar dira. Hasteko, behin-behineko gobernuak osatuta egon behar du jada. Horren aurretik, parlamentuak presidentea izendatu eta kargua hartu behar du. Hiru edo lau egun nahikoak dira horretarako, eta litekeena da martxoaren azken astean horiek gauzatzea.

Horiek egin aurretik, baina, zentsura mozioa aurkeztu etaparlamentarien gehiengoaren babesa jaso behar du. Barcinaren aurkako zentsura mozioa erregistratzen dutenean, parlamentuko Eledunen Batzordeak onartu behar du, gobernuari jakinarazi, eta behin lan horiek eginda, parlamentuko Aldizkari Ofizialean eman beharko dute horren berri: egun horretatik hamar laneguneko tartea izango du Eledunen Batzordeak mozioa bozkatzeko osoko bilkurara deitzeko. Hori dela eta, datorren astean, edo gehienez ere, bi aste barru erregistratu beharko dute eskaera hauteskundeak aurreratu ahal izatekol

Zentsura mozioa erregistratu ahal izateko, parlamentarien bosten batek —kasu honetan, 50 direnez, hamarrek— babestu behar du eskaera gutxienez. Presidente berria zein izango den ere zehaztu beharko du eskaerak. Mozioak aurrera egin ahal izateko, berriz, parlamentarien gehiengoak —26k— egin beharko dute horren alde.

Mozioak aurrera egingo balu, Espainiako estatu buruari —kasu honetan, erregeari— jakinarazi beharko zaio zein izango den presidente berria. Hala, horrek eta gobernuak kargua hartu ahal izango dute. Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute, eta behin-behineko gobernuko kontseiluak hauteskundeak deitu ahal izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.