Ezarian. Diskoteken geroa

Bukatu al da festa?

Azken urteetan, hamaika dantzaleku itxi behar izan dituzte. Jabeek diotenez, gaur egungoa ez da gauaren urrezko aroa.

Frantziz Urrutia, bakarrik,  Lur diskotekan; aurten itxi dute. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Azken urteetan hamaika belaunaldiren eta parrandazaleren babesleku izan dira diskoteka edo dantzalekuak. Alabaina, kontzertu, ikuskizun edota Dj direnen lehengo hotsak isildu dira hainbat tokitan. Asko izan dira azken urteetan apurka-apurka hustu diren diskotekak, ateak ixteraino. Ez omen da garai ona gauaren negozioarentzat. Frantzis Urrutiak, Elizondoko (Nafarroa) Lur diskotekaren jabeak, aurten jarri dio sarraila ia hamar urtez zabalik iraun duen dantzalekuari. Argi dio: «Egoerak bere horretan irauten badu, gehienak desagertuko dira». Pedro Bonilek, Tuterako (Nafarroa) Moon dantzalekuaren jabeak ere antzera hitz egin. Aurten itxi du lokala.

Ez dira bakarrak izan, batzuk besteak baino sakonago, baina denek nabaritu dute oro har ostalaritzan izaten ari den beherakada. Hernaniko (Gipuzkoa) Young Play diskoteka ere aurten eraitsi dute, Bilboko Deustu auzoko The Garden dantzalekua supermerkatua da orain, Malloak (Azpirotz, Nafarroa), Circulo (Gasteiz), Image (Berango, Bizkaia)... Ateak itxi dituztenen zerrenda luzatuz joan da.

Aisialdi ohiturak aldatu egin direla. Egun, taberna edo dantzalekuetan egon ordez gazteak nahiago omen dutela lokaletan egon. Beraien txokoetan, beraien arauekin, eta, edaria askoz merkeago lortzeaz gain, ez dute erretzeko eragozpenik ere. «Horrekin ezin gara lehiatu», dio Urrutiak. Egoera ekonomikoak ere eragin zuzena du. Gero eta jende gutxiago aritzen da gauean, eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu dituzte. Kaleko edana da horren seinale. Urrutiak aitortu du itxi aurretik lokala berpizteko hamaika ahalegin egin dituela, baina alferrik. «Kantuak, bertsoak, kontzertuak, sarrera kendu... Denetik probatu dut, baina etsi egin dut azkenean».

Legezkotasuna oztopo

Aipatutako faktoreez gain, dantzalekuen kasuan administrazioetatik egiten zaien presioari egozten diote beherakadaren erantzukizun nagusia. Etengabe «presioa» eta bestelako gauzak jasaten dituztela diote. «Edozein aitzakia nahikoa dute zigortu edo ixteko. Ez gara delitugileak, ez droga trafikatzaileak, ez alkoholikoak», adierazi du Algortako kirol portuan dagoen Quality dantzalekuko jabe Valentin Oliverrek.

Gainerako lokalei ezartzen ez zaizkien neurriak dituztela salatzen dute dantzalekuetako jabeek; berdinak, berriz, zorrotzago behatzen direla ere bai. Hori gertatzen da ordutegien kasuarekin.Tabernetan edo beste lokal batzuetan baino zorrotzago aritzen dira diskotekak ikuskatzen. «Hosgabetzea, asegurua eta edukierarekin ere gogorra da administrazioa». Legedi guztiak betezdantzalekuak zabalik izatea ia ezinezko bihurtzen dela dio Bonilek.

Tabakoaren legetik hasi eta BEZaren igoera arte, etengabeko gastuak izan dituzte, «itogarriak» izatera iritsi arte. «BEZaren igoerak asko ito du gauaren negozioa. Azken urteetan, hamabi puntu egin du gora, %8tik %21era, hain zuzen ere», dio Lur dantzalekuaren jabeak. Horrez gain, Madrid Arena diskotekako ezbeharraren ondoren (hiru pertsona hil ziren jende pilaketagatik), lokalen edukieraren gaineko kontrola areagotu egin da. Urrutiaren arabera, hamabost egunez behin foruzainak izaten zituen dantzalekuan, eta «azkenerako nazkatu egin nintzen».

Oztopoak ez dira hor amaitzen. SGAEk ere presio handia egiten du diskoteketan. «Uste dute gauaren negozioa pagotxa dela, eta denek nahi dute zatitxo bat jaso», dio Bonilek. «Musika jartze hutsagatik ordaintzera behartuak gaude». Langileak, gizarte segurantza, edaria, DJak edo kontzertu emanaldiak, lokalaren alokairua, asegurua eta mantentze lanak, SGAEren ehunekoa, tasak eta lizentziak, elektrizitatea, BEZa... «Zenbat irabazten dugun azkenean? Gero eta gutxiago». Denak gora egiten baldin badu eta jendea gero eta gutxiago ateratzen bada edota gutxiago kontsumitzen baldin badu, ekuazioaren erantzuna argia dela diote denek.

Batzuk itxi, beste batzuk ireki

Itxitako dantzalekuen artean apustu berriak agertzen ari dira, ordea. Gasteizen zabaldu berri duten Kubik dantzalekua da horren adibide. Duela gutxi arte Circulo dantzalekua zenari bestelako bizia ematea da nagusien asmoa.

Abenturazaleak direla esango dute batzuek. Iker Arroniz, dantzaleku berriaren jabeak adierazi duenez gauaren alde apustu egitea erabaki dute. «Arlo kulturalean eskaintza zabaltzea da gure asmoa». Urriaren 17an inauguratu zuten lokala. Lehen jaialdian Tea Party DJ's izan zen, besteak beste. Gaur, ordea, Berri Txarrak ere izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.