Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Dadoak

2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Orain dela laurogeita hiru urte, urriaren 28an, Wall Street-eko burtsak krak egin zuen. 20ko hamarkada zoriontsua zen, Al Capone gangster ospetsuak barrabaskeriak egiten zituen han eta hemen, alkohola debekatuta zegoen eta taberna zuloetan ke artean egiten zuten dantza charleston-aren erritmoan.

Dena pikutara joan zen, ordea, zoritxarreko astelehen beltz hartan.

Burbuilak egun batetik bestera egin zuen eztanda. Askok eta askok egun batetik bestera galdu zituzten bizitza osoko aurrezkiak.

Bankariek hegan egiten zuten euren balkoietatik kalera.

Arestian esan bezala, laurogeita hiru urte joan dira eta gure mundua —lehen mundua, alegia— krisian dago atzera ere, Lehman Brothers-ek kiebra jo zuenez geroztik. Han hasi zen gure kalbarioa, Wall Street-en. Berriro Wall Street-en. Eta berriro hamarkada zoriontsu baten ostean, 90ekoa. Gurean porlanaren abaroan sortu ziren gangsterrak, Al Capone legal askoak, zinegotziak, diputatuak, lagun baten lagunaren lagunak. Taberna zuloetan, ez charlestonik ezta kerik ere, baina alkohola edaten jarraitzen dugu.

Balirudike ez dela ezer aldatu, orok berdin jarraitzen duela, eboluzioaren partxisean irteteko laukian jarraitzen dugula, dadoak bota eta bota, baina mugitu ezinik.

Badago alderik, ordea.

Burbuilak eztanda egin zuen, bai. Askok eta askok bizitza osoko aurrezkiak galdu dituzte.

Baina, zoritxarrez, bankariek ez dute hegan egiten euren balkoietatik kalera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.