Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Hamar urte eta egun bat

2013ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Hamar urte eta egun bat. Pelikula amerikarretako zigor bat dirudi. Hamar urte eta egun bat Alcatrazen. Edota Cincinnatiko presondegi federalean. Hamar urte eta egun bat. Milioi bat dolar faltsutu eta epaileak, ttak!, hamar urte eta egun bat. Buru-berokia jantzita eta pistolaz josita sartu Bank of Americako sukurtsal batean eta —tartean hildakorik ez badago, behintzat—, ttak!, hamar urte eta egun bat.

Hamar urte eta egun bat. Jakin nahiko nuke zer egiten ote duten presoek egun bakar horretan.

Hamar urte eta egun bat. Pelikula amerikarretako zigor bat dirudi, baina ez da. Pelikula espainiarretan ez dituzte horren erraz harrapatzen gaizkileak. Itzal berde bat izan zaitezke Andoainen. Borrero beltz bat izan zaitezke Madrilgo estolderietan. Toga beltz baten jabea izan zaitezke estolden gaineko justizia jauregietan. Berdin du. Hamar urte eta egun bat. Ez duzu sekula entzungo zigor hori. Ez ttak! eta ez danba!

Mailu-kolperik ez zinema espainiarrean.

Hamar urte eta egun bat. Edo alderantziz. Egun bat eta hamar urte. Egun bakarrean suntsitu baitzuten Acebesen lagunek Euskaldunon Egunkaria. Bahitu ziguten egunkaria. Bahitu gintuzten eta izan gaituzte preso.

Hamar urte eta egun bat. Jakin nahi nuke zer egin ote dugun presook… Ez, ez… Zoritxarrez, badugu horren berri.

Berria eraiki.

BERRIA eraiki.

Pozgarria behar luke, baina negargura ematen du.

Hamar urte eta egun bat.

Gaizkileak kalean daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.