Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Inbentariorako

2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Badira zutabe batzuk inbentariorako egiten direnak. Aktan jasota gera daitezen, besterik gabe. Su artifizialik gabeko zutabeak. Lore-jokorik gabekoak. Esan beharrekoa esan, eta aurrera.

Gaurkoa horietakoa da.

Irakurle maitea, gaurko zutabe honetan ez duzu dagoeneko ez dakizunik aurkituko. Jakin badakizu ez gaituztela maite. Ez Espainiak ezta Frantziak ere. Ez zu ezta ni ere. Haientzat arraroak gara. Barbaroak. Hizkuntza arraro batean bizi gara eta ezin dute ulertu. Maite gaituztela diote baina ez da egia. Antigoaleko senarrak dira, australophitecus hutsak.

Kalean estatua eder, etxean otzan, eta ohean puta.

Horrela maite gaituzte.

Zorionez, liberatzen ari gara. Jada ez dugu behar beraien onespena, eta eskatu ere ez dugu eskatzen. Ez dugu behar, ez dugu nahi, ez dugu bilatzen eta, gainera, bost axola zaigu.

Alabaina, gauza batzuk esan egin behar dira, inbentariorako besterik ez bada ere.

Imajinatzen al duzue Korrika gazteleraren edo frantsesaren alde? Zenbat minutu eskainiko liokete Espainiako telebistek Corriendo bati? Zenbat portada egunkarietan? Zenbat denbora eskainiko liokete kazetariek munduan beste inon egiten ez den, milaka eta milaka lagun biltzen dituen, hamar egunez lo egiten ez duen, eta sekulako dirutza lortzen duen festa erraldoi bati?

Arestian esan bezala, guri bost. Beraien ez-axolak ez digu batere minik eragiten.

Ez kexa, ez lantu, ez negar.

Soilik inbentariorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.