Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Lerdea

2013ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bejondeinala, Enara, hi bai azkarra!» esan, eta, jarraian, musu potolo-potolo bat eman nion.

Eta jolas-parkeko lagunengana hurbiltzen zen bitartean, hari begira geratu nintzen, lerdea zeridala.

Bai, badakit ez naizela objektiboa. Azken batean, aita batentzat ez dago alaba bezalakorik.

Gure alabak ederrenak, bizkorrenak eta iaioenak dira, noski. Beti eta bere-berez. Inolako arrazoirik gabe. Inolako baldintzarik gabe. Horrelakoak dira, eta kitto. Eta, bai, lerdea darigula egiten diegu so.

Alabaina, batzuetan datu objektiboak ematen dizkizute, eta, horrelakoetan, lerdea bihurtzen da olatu.

Tsunami.

Egia esan, ez ninduen batere harritu gaia Enararen gelara iritsi izanak. Izan ere, Aske Guneko herri-harresiaren atzean gordetzen zen gazteetako bat jangelako langilea zen.

Egun batetik bestera jangelatik desagertu eta kartzelan agertzea ulergaitza da, berez, baina are ulergaitzagoa da zortzi urteko haurra baldin bazara. Eta Enararen gelan piztu zen eztabaida.

Batzuen iritziz, pertsona batzuk hiltzen laguntzeagatik sartu behar zuten kartzelan.

Besteen iritziz, politikarengatik.

«Eta hik, Enara… hik zer uste dun?».

«Bada, pertsona batzuk hiltzen laguntzeagatik balitz, gaiztoa litzateke, eta, gaiztoa balitz, ez gintuzke horren ondo tratatuko jangelan. Nik esaten dut politikarengatik dela».

Zortzi urte eta begi txinatar eder pare bat: nahikoa eta sobera, epaileek ikusten ez dutena ikusteko.

Esan gabe doa kleenex paketea ziztuan bukatu nuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.