Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Telefono zenbakiak

2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gure alaba Enarak ez zien garrantzirik eman. Ikusi, ikusi zituen, baina txikiegia da, eta, gainera, nahikoa lan bazuen kexatzearekin: badaezpada ere, festa jendetsuetan nire telefono zenbakia idazten diot besoetan, baina sekula ez zaio gustatu, hain da mari-apaina…

Gure alaba Garazi, ordea, berehala ohartu zen egoeraz, eta nire kezkak uxatzen saiatu zen: zin egin zidan berak ez zuela inoiz horrelakorik egingo. Garazik 11 urte egin berri ditu.

Barkatu: oraindik ez dizuet esan zertaz ari naizen. Tolosako Kilometroak-en Vendettaren kontzertua bukatutakoan ibilbidearen kontrako norabidean zetozen nerabeez ari natzaizue. Zehazki, gauez ez baina azpikeria galantaz nerabe horiek kalimotxoz beterik zeramatzaten bost litroko kupelez.

Lasai, ez naiz hemen garbizalekeriatan hasiko. Nire lehenengo Kilometroak duela 25 urte izan zen Irunen, eta sekulako aitzurra harrapatu nuen bertan. Ikusten duzuenez, nik ere badut zer isildu. Urteak joan urteak etorri, lehengo lepotik burua jarraitzen dugu, eta ez du ematen gauza handirik egin daitekeenik. Beno, bai, Ikastolek alkoholaren kontsumo arduratsuaren alde hasitako bideari hel dakioke. Ez da asko baina bada zerbait.

Haatik, nire kezkak gertuago ditu oinarriak. Garazik beteko ez duen zina egin zidan igandean. Horrelako festaren batean hautsiko du bere hitza. Besoetan idatzita ez, baina bere telefonoaren agendan nire zenbakia izango du.

Deitzeko ausardia izango ahal du!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.