Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Ezinezkoa zen

2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Joan den astean, gure lankide Koldo Aldabek enbidoa bota zigun Twitter-en. Euskaltzaindiaren afera kafkarrak kezkaturik-edo, Amaia Ezpeldoi —Itxaro Borda idazleak sortutako detektibea, alegia— ikertzen hastea proposatu zuen. Eta, jarraian, itxaropentsu agertu zen, nik —BERRIAko ikerketa saila osoaren izenean, noski— euskaltzainen arteko bilera sekretuak transkribatuta izango nituelakoan.

Koldok estimu handitan gauzka baina nago oraingoan neurriz kanpo baloratu gaituela.

Sentitzen diat, Koldo. Onak gaituk gurean baina ez gaituk toki guztietara iristen.

Izan ere, gaiztoen etxeetan sartzen zailduta gaude gu. Militarrak eta Ministerioak, politiko ultraeskuindarrak eta enpresari ustelak ditugu jomugan gure taldean. Maltzur asko dago munduan —gehiegi nire gusturako— eta haiek guztiak zelatatzen saiatzen gara.

Nork esan behar zuen, baina, euskararen etxean bertan ere gaiztakeriatan zebiltzala? Nola aurreikusi gure akademian ere bazirela «kontatu ezin diren gauzak»? Nork esango arau-emaileak arauak urratzen ari zirela?

Nola sumatu sekulako saltsa zegoela non eta herri xeheak Bazkaltzaindia ezizen maltzurraz —eta era berean, ezinago grafikoaz— bataiatu duen erakunde batean?

Ezinezkoa zen.

Gure alde esango dut orain arte bezala jarraituko dugula lanean. Bihar bertan Euskaltzaindiak bilera dauka Baionan eta han egongo gara.

Edo, behintzat, saiatuko gara.

Diotenez, menua ikusgarria izango da…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.