Maratila

Galderak

Xabier Etxaniz Rojo -

2014ko urtarrilak 9
Jada zehaztu dugu data: 2014ko azaroaren 8an erabakiko dugu Lizarrustihistango biztanleok gure etorkizuna. Ohi bezala, larunbatarekin. Izan ere, aspaldi utzi baikenion bozketak igandeetan egiteari. Emaitza ospatu beharrak ajea egun batez aurreratzera eraman gintuen… Alde ederra gero!

Suposatuko duzuenez, erreferendumaren data jakinarazi bezain pronto hasi zaizkigu presioak eta mehatxuak. Europatik kanpo geldituko garela, gure ekonomiak porrot egingo duela, gure enpresei ez zaiela komeni, hura eta bestea. Dena —esan gabe doa— gezurra da, baina espainiarrak tematu dira diskurtso horretan eta ez dago modurik. Antza, ez dira ohartzen sistema kapitalista honi ez zaiola axola dirua nongoa den. Egun funtzionatzen duenak berdin funtzionatuko du bihar baldin eta alde guztiek etekina ateratzen badute…

Data zehazteak ez bezala, galdera zehazteak hamaika gorabehera eta eztabaida ekarri dizkigu. Kostatu zaigu baina, azkenean, galdera bakarra beharrean bi galdera egitea erabaki dugu: «Lizarrustihistan Mari Puriren gazta-tartaz beteriko estatu alokutibo bat izatea nahi al duk/n? Eta erantzuna baiezkoa izatekotan, Lizarrustihistan Mari Puriren gazta-tartaz beteriko estatu alokutibo independente bat izatea nahi al duk/n?».

Bi galdera soil, baiki, baina Lizarrustihistandarren erraiak astintzera bideratuak.

Bai, aitor dut: galderak apur bat tranpatiak dira, baina zer nahi duzue nik esatea, haiek izan dira lehenak gezurrak esaten…

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna