Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Makarrak

2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Nire lagun Felixek badaki ni samurtzen. Esku batez sudurra estaltzen du eta hatzak mugitzen ditu begietako makarrak kendu nahiko balitu bezala. Begiak gorri, kopeta beltz, ahotsa ilun. Katua hil balitzaio bezala baina malkorik gabe.

- Hi lehen ez hintzen horrelakoa, Xabi. Aldatu haiz.

Seko txunditurik geratu nintzen.

Nire lagun Felixen argudioei jaramon egitera, nire zutabeek politikara egin dute salto. Antza, azken asteotan PPri diodan herra nagusitu da, halako moldez non behinola erabiltzen nituen gaiak alboratu ditudan. Nonbait, lehen bestelako gaiak erabiltzen nituen, gai sozialagoak, gertuagokoak nahi izatera. Lehen gai omen nintzen garrantzirik gabeko gauzez hitz egiteko. Orain, ordea, beti jotzen omen dut Espainiako gobernuaren kontra, nire geziek beti dute helburu bera, PP eta Madril, Madril eta PP, begizta amaiezin baten barruan banengo bezala.

Harriduraren ostean haserrea iritsi zen. «Aldatu haiz» hura labankada zorrotz baten gisan sentitu nuen.

- Hik zer nahi duk, Felix? Ezer gertatuko ez balitz bezala egitea? Irudizko lurralde zoragarri eta akasgabe bat sortzea eta horri buruz hitz egitea? Lapurretak, ustelkeriak eta jukutriak nonahi ikusi eta ez salatzea? Gaizkileen konplizea izatea? Hori nahi duk, Felix?

Orduan begietako makarrak kentzen hasi zen eta bihotzak egin zidan krak.

- Oso ondo, Felix. Hurrengoan Yolanda Barcinaren Nafarroaz hitz egingo diat. Baina soilik heuk eskatu didaalako…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.