Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

'Enplan'

2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Berriki jakin dut Wert ministroak debekatu nahi diela ikastetxeetako ikasleei greba egiteko eskubidea. Antza, ikasleek protesta egitea bainoago, piper egitea dute buruan.

Eta nik, ikasle asanblada askotan ibilia bainaiz, badakit Wert ministroak arrazoia duela, helburua piper egitea dela beti.

Alabaina, Wert ministroarekin bat etortzeak ez du zerikusirik gazteek piper egiteari dioten zaletasunarekin, ezpada heziketarako askoz ere arriskutsuagoa den gaitz batekin:

Enplan gaitzarekin, hain zuzen.

Enplan gaitza ikastetxeetan sortzen den gaitz neurologiko-linguistiko latz bat da. Gaixotasun honek hitz egiteko gaitasunari eragiten dio, halako moldez non kutsatuta dagoen gazteak enplan lelo gogaikarria erabiliko baitu esaldi guztietan. Berdin du zein hizkuntzatan —euskaraz, gazteleraz edota euskañolez— ari den: gaixoak beti eta nonahi erabiliko du enplan hitza.

Adibide batzuk jartze aldera: «Bihar kuadrillako afaria egingo dugu enplan bokata». «Evari deitu diot enplan guay». «Kriston pedoa harrapatuko dugu enplan guarro».

Enplan gaitza airez, sexu-harremanez, begiradaz eta espiritu santuaz kutsatzen baita, zerbait egin beharra zegoen, eta nire ustez Wert ministroaren debekua oso baliagarria izan daiteke izurrite honen kontra.

Are gehiago: ikasleen asanbladak ez ezik, hiru lagun baino gehiagoko bilkura oro ere debekatuko nizkieke 16 eta 99 urte bitarteko gazte guztiei.

Betiere, PPren erara, enplan demokratikoa…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.