Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Ospakizunak

2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Larunbata. Goizeko hamaikak. Gure alaba Garazik hockey partida dauka Eskola Kirola programaren barruan. Aurreko astean 21-1 galdu zuten eta, animatzeko,gaurkoan emaitza hobea lotuko dutela esan diot.

Hobeto egingo duzue, ziur!

Haatik, zelaira iritsitakoan zalantzak agertu zaizkit. Izan ere, arerioek ikastetxe pribatu eta elitista baten kamiseta baitaramate. Hiriko gaina eta lorea, the crème de la crème, kalitatearen urrezko Q-a…

Alak begira gaitzala… txandala eta guzti daukate!

Partida hasi bezain pronto iritsi dira golak. Garaziren taldeak hobetu du jokoa, baiki, baina, hala ere, ez da nahikoa izan eta emaitza 6-1 da atsedenaldian.

Partida erabakita, golen ospakizunetan jarri dut arreta. 4 zenbakidun txikitxoa eta 9 zenbakiduna zein baino zein ari dira gol ospakizun originalena egin nahian. Dantza bitxiak, korrikaldi eroak, keinu absurdoak, baita agur militar gustu txarrekoren bat ere… Haatik, 9 urte baino ez dituzte: gazteegiak dira keinuok naturalak izateko.

Baten batek azaldu beharko lieke jatortasunaren eta errespetu faltaren arteko muga mehea dela oso.

12-6 galdu dugu. Eta ni pozarren. Alde batetik, jipoia ez da aurrekoa bezain latza izan eta, bestetik, Garazik sartu du taldearen azken gola. Ia-ia nahi gabe, baina gola. Garazik buelta eman du, zer egin ez dakiela, ia lotsaturik, gola sartzeagatik barkamena eskatu beharko balu bezala.

Golak berak baino gehiago, ospatzen jakin ez izanak poztu nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.