Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Erritmoa markatzen

2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Motor saileko kazetari guztiak gastroenteritisak jota ospitalean baitzeuden, Marca egunkariko zuzendariak bekadunari deitu zion.

Hik egingo duk Alonsoren lasterketaren kronika. Bazakiat, erantzukizun handia duk. Gogora ezak egunkaririk handiena garela. Espainiako kazetaritzan Marca-k markatzen dik erritmoa.

Bekadunak urduri ikusi zuen lasterketa. Alonsok podiuma behar zuen munduko txapelduna izateko. Podiuma lortu eta Sebastian Vettelek zazpigarren geratu behar zuen. Eta Vettelek autorik onena zuen, azkarrena…

Zaila, bai, baina ez ezinezkoa.

Lasterketaren erdian Alonso bigarren jarri zen. Vettel seigarren postuan zihoan. Alonsok gertu zuen garaipena, Vettelen akats txiki bat eta txapelketak Espainia aldera egingo zuen salto. Edozer gerta zitekeen.

Alabaina, handik aurrera lasterketak ez zuen aldaketarik izan. Alonso bigarren, Vettel seigarren. Vettel Munduko txapeldun berria zen, hiru puntu eskaseko aldeaz.

Bekadunak kronika idatzi zuen eta zuzendariarenera joan zen.

Zuzendariak zoriondu egin zuen titulua irakurri zuenean.

Astelehenean, bekaduna kioskora hurbildu zen. Ilusio handia egiten zion bere titulu hura han ikustea.

Vettelen porrota... ikaragarria!!

Eta beste egunkarietako azalei begira frogatu ahal izan zuen zuzendariak arrazoia zuela.Marca-k markatzen zuen erritmoa Espainian. Informazio orokorreko egunkariek Kataluniako hauteskundeei eskainitako tituluak ikustea besterik ez zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.