Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Abesbatza

2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Sutan zeuden asteartean Aritz Galarraga eta Jon Eskisabel BERRIAko lankideak. Antza, ez zaie gustatu ETBk Gabon gauean emitituko duen Euskal Kantuen Gaua saiorako 19 parlamentari kantu kantari jarri izana. Zehatzagoak izate aldera, ez zaie gustatu ETBk aukeratutako kanta: Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori. Hala Aritz nola Jon, biak sentitu dira minduta —eta ez soilik parlamentarien ahotsengatik—, eta «auzo lotsa» edota «iraindua» hitzak erabili dituzte saioaz idaztean.

Niri, ordea, maisulana iruditu zait, Alberto Surioren agurrerako ezinago aproposa. Ze ironia! Ze umore fina! Ruperrek aspaldi idatzi zuela jakingo ez bagenu, pentsatuko genuke propio idatzi zuela pertsona horiek —eta soilik horiek— kanta zezaten. «Hori suertea nonahikoak diren horiena» Gorka Maneirori —leku bakarrekoa den horri, alegia— kantaraztea justizia poetikotik gertu dago. «Iritzi helduak, uste handikoak» azpiegitura handien babesleei —Urkulluren neska-mutilei, alegia— kantaraztea, berriz, etorkizuna aurreikustea da. Euskaraz bizi direnei «Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den» kantaraztea ironia bainoago errealismoa da, ia magikoa. Eta «Kontuak ez zaizkit ateratzen ongi» hauteskundeetan «Somos el 51%» esaten zutenei kantaraztea etxafuegoak botatzeko moduko bukaera da.

Arestian esan bezala, ironiaren maisulan bat, eta horixe behar du Euskal Herriak.

Ironia apur bat.

Eta beste abesbatza bat, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.