Xabier Etxaniz Rojo.
Maratila

Ironia

2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi, Idazleak Ikastetxetan programaren barruan, Bizkaiko ikastola batean izan nintzen, hamabost urte inguruko gazte batzuekin hizketan. Irakasleak nire liburu bat irakurtzeko agindu zien, eta ikasleok txintxo-txintxo irakurri zuten. Eta ni pozik. Eta ez soilik harrika hartu ez nindutelako. Nago —eta airean sumatu nuen giroak halaxe berretsi zidan— gustura irakurri zutela liburua. Areago: nago gozatu egin zutela nire eleberriaren konpainian. Baina tira, utz ditzagun nerabeen gozamenak eta natorren harira.

Kontua da gauza batek eman zidala atentzioa. Solasaldiaren erritmo bizia baretze aldera, noiz edo noiz ironiaz beteriko esalditxoren bat uzten nuen airean, nork harrapatuko. Haatik, ikasle zintzook, ez lehenengoan ezta bigarrenean ere, ez zituzten nire ironiak harrapatzen, eta mutu begiratzen zidaten, hitzak bai baina zentzua ulertzeko gai ez balira bezala. Une batez, nire txisteak txarrak zirela otu zitzaidan, baina irakasleari so egin eta berehala ohartu nintzen arazoa ez nintzela ni, ezpada ikasleen ironiarako ez-gaitasuna.

Gero, autoan, hausnartzeari ekin nion. Noiz hasten da gizakiaren burmuina esanahi biko edo gehiagoko esaldiak ulertzen? Hamabost urteko nerabe batek izan beharko ote luke gai hizkuntzaren jolasak ulertzeko ala gaitasun hori zahartu ahala eskuratzen da? Ez dakit. Agian gehiegi eskatu nuen.

Badakit matematika garrantzitsua dela baina… noizko ironia irakasleak gure institutuetan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.