Jaiak. Burlata

Kalderete Egunean, herritar guztiak batera

Astelehenean, Burlatako bizilagunak parkean bilduko dira egunaz gozatu eta elkarrekin bazkaltzeko asmoz

Goian, Nogalera parkea herritarrez beteta. Behean, kuadrilla bat kalderetearekin. BERRIA.
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Burlatako jaietako egunik maitatu eta garrantzitsuena da gaur egun Kalderete Eguna; hala diote, behintzat, bertako bizilagunek. Kalderete Eguna funtsean herritar guztiak batera ospatzeko eguna da. Aurretik eskatuta, kaldereteak egiten dituzte; hala, gutxi gorabehera zenbat lagun bilduko diren jakiten dute antolatzaileek.

Nogalera parkean astelehenean 4.000 lagun inguru elkartuko dira, urtero bezala. Kalderete Eguna duela 30 urte inguru sortu zen. Jaietako beste ekintza bat bezala izan zela oroitzen dute Burlatako Udaleko langileek. Garai hartan, lehiaketa gisa zen ezaguna, baina izandako arrakasta eta partaidetzaren ondorioz, lehiaketa zena herri bazkari bihurtu zen. Kalderete bakoitzak hiru kilo untxi, hiru kilo patata eta fruta izaten ditu; horrez gain, oparia ere jasotzen dute kalderetea erosten dutenek, aurten txapela bat. Baina bada etxetik bere janaria eramaten duenik ere, ez baitago kalderetea erosteko beharrik. Helburua argia da: herritar asko bildu, eta eguna batera pasatzea.

Bizilagunentzat egun berezia izaten da, eta noiz iritsiko zain egoten dira. Berez 09:00etan hasten bada ere, hainbat lagun 05:00ak inguruan joaten dira lekua hartzera. Eguzkia egun osoan gainean izan beharrean itzal bila aritzen dira goizean goiz bertaratzen direnak. «Mundu guztia joaten da azkenean; bazkaltzera joaten ez badira, arratsaldean joaten dira, eta bestela, iluntzean», adierazi dute udaleko langileek.

Norberak bere mahaia eta aulkia eramaten ditu parkera, eta giro ona sortzen da. «Kanpinera egun batean joatea bezala izaten da», adierazi dute udaleko langileek. Irri eta kantu artean pasatzen dute eguna. «Irudi dibertigarria izaten da, furgonetaz eta autoz beteta egoten da ingurua».

Adin guztietako herritarrek parte hartzen dute; denentzako jaia izaten da. Familia artean, lagun taldean eta bikotean gozatzekoa. Eta denek batera ospatzen badute ere, adin tarte bakoitzak bere gunea eta beretzako ekintzak izaten ditu. Gazteen gunean, adibidez, musika jartzen dute. Erraldoiak, fanfarreak... haurrentzat eta helduentzat antolatutako ekintzak ere egiten dituzte bertan.

Arrakasta izugarria duela ziurtatuz, ez dute inoiz asteburu batean antolatu eguna, bilduko lukeen jende kopurua «gehiegizkoa» izango litzakeela pentsatzen dute antolatzaileek, ez litzatekeela denentzako lekurik egongo. Horregatik, aurten astelehenean egitea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.