Oinez, itsasoaren gainean

Itsasoaren gainean lau metroko altueran ibiltzeko eta urpean abiadura handian igeri egiteko aukera ematen du 'flyboard' gailuak. Euskal Herrian, Lekeition proba daiteke.

Pertsona bat flyboard-arekin uraren gainean ibiltzen, itsasoan. Ekainean hasi ziren ikastaroak eskaintzen, Lekeitioko uretan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Uraren gainean ibiltzea edo izurdeen gisan urpean murgiltzea. Ametsa dirudite biek ala biek; zientzia fikzio kontua. Orain, baina, posible da halakoak egitea, flyboard-ari esker. Uretako motor bati lotuta ura hartu eta botatzen duen gailua da flyboard-a. Hala, uraren presioaz baliatuta, airean ibiltzeko aukera ematen du, baita urpean abiadura handian igeri egitekoa ere. Xramp enpresak ekarri du Euskal Herrira. Lekeition (Bizkaia) egiten dituzte saioak, eta esperientziarik izan gabe ere, edozeinek proba dezake. 20 minutuko saioak egiten dituzte normalean, 55 euroren truke.

Alain Arrizabalaga (Abadiño, 1979) uretako motor gidaria da proiektuaren sustatzailea; hari bururatu zitzaion flyboard-a Kantauri itsasoko uretara ekartzea. «Txorien gisan hegan egiteko eta izurdeek bezala igeri egiteko aukera ematen du», azaldu du. Itsasoari lotuta bizi izan da beti Arrizabalaga. Uretako motorreko estilo librean munduko txapeldun eta txapeldunorde izana da; azken urteetan, ordea, flyboard-arekin aritzen da.

Asmakizunarekin liluratuta geratu zen, eta aurten jarri ditu martxan flyboard ikastaroak. Zehazki, joan den ekainean hasi zen Xramp enpresa makina promozionatzen, eta, geroztik, «arrakasta handia» eskuratu dute. Dagoeneko, 400 pertsonak probatu dute, eta beste 200 pertsonak ere emana dute izena.

Orain arte jende kopuru handia joan izanak ez du harritzen Arrizabalaga. Izan ere, «bizi beharreko esperientzia» iruditzen zaio flyboard-arena. Gainera, kontent azaldu da Euskal Herriko bezeroekin. Aurretik ere saiatu izan da makina beste leku batzuetan bultzatzen, hala nola Marbellan (Espainia), baina Euskal Herriko errealitatea iruditzen zaio onena. «Hemengo jendeak ez du argazkiak egiteko probatzen, abentura gustatzen zaiolako baizik».

Arrizabalagak ere horrexegatik du gustuko flyboard-a. Abentura maite duelako, alegia. «Askatasun sentsazioa ematen du; libre zarela sentitzen duzu». Gainera, tramankulua erabiltzeko ez da inolako ezagutzarik behar, eta horrek nor bere kabuz ibili ahal izatea ahalbidetzen du. Enpresak kaskoa eta txalekoa ematen ditu, eta oinarrizko segurtasun neurriak ere azaltzen ditu. Ondoren, bezeroak nahi bezala balia dezake denbora. Hamar minutuko oinarrizko ikastaroa ematen dute, eta, horren ostean, uretara joaten dira. Orotara, 20 minutu ematen dituzte uretan. «Hasiberriek hiru minututan menpera dezakete flyboard-a, eta gainontzeko hamazazpi minutuak gozatzeko erabil ditzakete», dio Arrizabalagak.

«Oreka mantentzea da gakoa», azaldu du. Finean, gorputzaren mugimenduan datza flyboard-aren kontrola. Pertsonak oinetan gailu txiki bat ipini behar du; bertatik ura botatzen du presio handiz itsasoaren kontra, eta gorputzarekin aurrera eta atzera eginez maneiatzen du. Horrez gain, neopreno jantzia eta segurtasun kaskoa ere ipini behar ditu. Saio praktikoan, itsaso gainean lau metroko altueran ibil daitezke gailua probatzen dutenak. Profesionalak, berriz, hamar metroko altuerara arte hel daitezke.

Historia laburra dauka

Historia laburra du flyboard-ak. Franky Zapata uretako motor gidari frantziarrak sortu zuen orain dela bi urte, 2011n. Geroztik, munduan barrena zabaldu da asmakizuna. Arrizabalagaren laguna da Zapata; horregatik izan zuen abadiñarrak flyboard-aren berri. Sortu zenetik gustatu zitzaion makina, eta hasierako momentutik promozionatu izan du.

Flyboard-a probatu nahi duenak Xramp enpresaren webgunean eman behar du izena (www.xramp.es). Ikastaroak goizez eta arratsaldez eskaintzen dituzte, ostiraletik larunbatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.