«Oso erraz atera zaizkit abestiak»

Sortzen jarraitzen du egunero atsedenik hartu gabe Urbietak, buruak ez dio etenik ematen. Aitona-amonen eta iloben arteko harremanen inguruko berrogeita hamar kanta dauzka prestatuta.

Ilargi Agirre.
Zarautz
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bi liburu dauzka irakurtzeko, Biblia eta San Frantziskoren bizitza, baina ez du denborarik aurkitzen. Beti dabil bere kontuetan sartuta, beti dabil sortzen. Gaixoaldiengatik pattal xamar dago, eta pianoa jotzeko gero eta zailtasun handiagoa dauka, baina burua ez zaio geratzen. Abestiak sortzen jarraitzen du. «Gaitz baten modukoa da; ezin dut geratu. Aitona-amonen eta iloben arteko harremanen inguruko berrogeita hamar kanta inguru dauzkat prestatuta». Haren ustetan, heziketan gero eta garrantzi handiagoa dute telebistak eta ordenagailuak, eta, ondorioz, haurrak harremanak galtzen ari direla dio, eta horrek kezkatzen du.

Harremanek eman diote zentzua bere bizitzari. Pertsona sentibera da Urbieta; beroa. Haurtzarotik izan du musikarekiko erraztasuna, herriko musika bandan hasi zen klarinetea jotzen, eta pianoarekin segitu zuen gero. Francisco Escudero musikagileak klaseak eman zizkion, eta piano jotzaile gisa bidea egiteko aukera izan zuen. «Baina ez zitzaidan interesatzen bakarlaria izatea. Herriarekiko lotura handiegia nuen. Oso garrantzitsua izan da niretzat estimatua sentitzea; oso onartua sentitu izan naiz musikarekin».

Baina nola sortzen du? «Oso erraz atera zaizkit beti abestiak. Orain hitz egiten ari garela, adibidez, melodia bat etorri zait. Beldurra ematen didana errepikatzea da. Gaur asmatutakoa ez ote zaidan berriz agertuko». Zortzi urtez erretiratuen abesbatza bat gidatzen ibili da, baina utzi egin behar izan du osasuna dela eta. Lana eginez gero oso ongi abesten zutela dio. Oraindik ere esaten diote haren falta sumatzen dutela. «Zorion hutsa izan da. Zerura igotzea da haien besarkadak jasotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.