Guardia Zibilaren aurrean deklaratzen hasi dira atxilotuak

Guardia Zibila atzo zen deklarazioa hartzekoa bederatzi atxiloturi, konfiantzazko abokatuen aurrean

Guardia Zibila, astelehenean, Bilboko egoitzatik ateratzen. JON HERNAEZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Konfiantzazko abokatuarekin ziren deklaratzekoak astelehenean atxilotu zituzten hemezortzi lagunak. BERRIAk jakin duenez, atzo gauean ziren deklarazioa hartzekoak atxilotuetako bederatziri, Guardia Zibilaren Tres Cantosko komandantzian (Madril), bederatzietan hasita. Nagore Garciak, Manu Ugartemendiak, Fran Baldak, Jon Garaik, Sergio Labaienek, Imanol Karrerak, Eneko Villegasek, Gorka Gonzalezek eta Ane Zelaiak zuten atzo hitzordua. Madrilen dituzte gainontzeko bederatzi atxilotuak ere —Amaia Esnal, Ekain Zubizarreta, Jesus Mari Aldunberri, Eneko Ibarguren, Jose Antonio Fernandez, Roberto Noval, Ibon Meñika, Beñat Zarrabeitia eta Oskar Sanchez—, eta espero da gaur hartuko dietela deklarazioa, baldintza berberetan.

Konfiantzazko abokatuek Guardia Zibilak egindako galdeketetan egon ahal izatea espero zuten, baina ez zuten aurrez atxilotuekin hitz egiteko aukerarik izan, ezta galdeketan ezer esateko eskubiderik ere. Horren ondoren, haiekin egon ahal izan ziren abokatuak tarte batez.

Ostegunean, epaile aurrera

Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ostean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurretik pasatu beharko dute atxilotuek ostegun goizerako. Inkomunikatuta ez dauzkatenez, gehienez ere 72 ordura luza dezake Guardia Zibilak atxiloaldia. Gainera, dei baterako eskubidea dute atxilotuek, baina guardia zibilek beraiek deitu zieten senideei atxilotuta zeuzkatela esateko.

Auzitegi Nazionalera eramaten dituztenean, epaileak erabaki beharko du zer neurri ezartzen dion atxilotu bakoitzari; edo baldintzarik gabe espetxera bidaliko dituen, edo, bestela, aske uztekotan, zein baldintzatan utziko dituen aske.

Herenegun goizean atxilotu zituzten hemezortzi lagunok Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioan, eta Hernaniko (Gipuzkoa), Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko egoitzak itxi zituzten. Besteak beste, «talde terroristako» kide izatea egotzi diete guztiei, eta Aiert Larrarte abokatuak atzo azaldu zuenez, Herrira «erakunde terrorista bat» dela eta atxilotuek harekin duten lotura frogatu beharko luke orain Auzitegi Nazionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.