Lan gatazkak. Sidenor

Kolpea arintzeko, negoziatzen

Sidenorren, lanaldia erdira murrizteko aldi baterako erregulazioa eta lan hitzarmen berria ari dira eztabaidatzen. Zuzendaritzak askoz malgutasun handiagorekin erantzun nahi dio enpresaren krisiari

Sidenor taldeko altzairutegi nagusia, Basaurin (Bizkaia). MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
2016ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kolpea ahalik eta arinena izatea. Badirudi hori dela Sidenorreko langileek espero dezaketen gauzarik onena, kolpea etorri badator eta. Lan baldintzak nabarmen okertuko dizkieten neurriak, gainera, oldeka eta alde guztietatik datoz; Lanera Egokitzeko Plana, harekin datorren aldi bateko lan erregulazioa, lantegien itxiera eta, orain, lan itun berria. Proposamen guztietan helburu argi bat agertu du zuzendaritzak: lan malgutasuna. Derrigorrezkoa dela dio, Sidenorrek aurrera egingo badu.

Berriz ere argudio hori azaldu zien atzo zuzendaritzak sindikatuetako ordezkariei, egiturazko lan hitzarmena negoziatzeko egin zuten hirugarren bileran. Itunak taldeko ia altzairutegi guztietako lan baldintzak ezarriko ditu —Azkoitiko lantegiak badu berea 2018ra arte— eta urtea amaitu aurretik lotu nahi du zuzendaritzak, abenduaren 31n iraungiko delako orain artekoa.

Atzoko bileran neurri hauek proposatu zituen malgutasuna handitzeko: errelebo kontratuen akordioa bertan behera uztea; bost egutegi aldaketa egin ahal izatea, abisua lau egun aurretik emanez eta asteburuak barne direla; oporraldiak zatitzea, eta hamabost opor egun jarraian soilik ekainetik irailera bitartean egin ahal izatea; 24 orduko derrigorrezko prestakuntza lanorduetatik kanpo; 72 ordu moldagarri urte natural bakoitzean, horiek orain artean ordu libreekin konpentsatzen ziren, baina kobratzeko aukera zabaldu da; mugikortasun funtzionala erraztea; eta kontingentzia arrunteko osagarriak kentzea. Soldaten jaitsierarik oraindik ez dute aipatu.

Erregulazioaz hizketan

Atzo ere ekin zioten berriro aldi baterako lan erregulaziorako negoziazioei. Azaroan Lanera Egokitzeko Planarekin aurkeztutako dosier horren xedea hurrengo bi urteetan lantegi guztietan lanaldia jaistea da, lan kargaren arabera doikuntzak egin ahal izateko. Lanaldiaren murrizketa, batez beste, %50ekoa litzateke, baina fabrika batzuetan besteetan baino handiagoa izango da.

Horrela, Basauriko bulegoetan, Legazpin eta Azuqueca de Henaresen (Guadalajara, Espainia) lanaldia erdira jaitsi nahi luke enpresak; Legution eta Gasteizen lanaldiaren jaitsiera %35ekoa litzateke eta Basauriko lantegian %20koa. Azkoitian %62ko murrizketa egin nahi du, eta haren iraupenerako lehiakide bihurtu zaion Reinosan (Kantabria, Espainian), %72koa. Erregulazio dosierrak Maltzagako lantegirako lanaldiaren %100 murrizketa proposatzen du, hots, fabrika ixtea. Hango ekoizpena Gasteizera aldatu nahi du zuzendaritzak.

Langile kopurua ere murriztu nahi du Sidenorreko zuzendaritzak. Oraindik ez ditu zenbatekoak eman, baina enpresak azaldu du «neurri ez-traumatikoak» izango direla. Hots, erretiro aurreratu, borondatezko lan uzte eta halakoen bidez egingo direla.

Sindikatuak oso kezkatuta daude negoziazio mahaian azaltzen diren neurriekin. Enpresak ez duela informazio egokirik eskaintzen diote, eta erregulazio espedientean sartu nahi dituela lan hitzarmenari dagozkion hainbat gai. Lanera Egokitzeko Planak jasotako neurriak onartzen badira, ikusteko dago ere horiek zenbateraino eragingo dieten iraungiko ez diren lan itunei.

Hala ere, langileen ordezkaritza bereizita dago. ELAk eta LABek, bakoitzak bere aldetik, esaterako, ez dute ulertzen nolatan onartu dituzten CCOOk, UGTk eta LSB-USOk —gehiengoa dute—erregulazio dosierrerako enpresak emandako argudioak. Horiek onartzeak gerora etor daitezkeen enplegu murrizketak eta lantegi itxierak erraztu ditzakeela diote. Erregulazio bat negoziatzen ari diren bitartean, zuzendaritzaren nahiari jarraitu eta lan hitzarmena negoziatzen hastea onartu izana ere gaizki hartu dute ELAk eta LABek; mobilizazioak abiatzeko garaia iritsi dela diote, eta batzarrak egin nahi dituzte langileekin.

Joan den maiatzean aldatu zen Sidenorren jabea. Jose Antonio Jainaga orduko zuzendariak eta haren inguruko talde batek 155 milioi eurotan erosi zioten Gerdau multinazional brasildarrari. Uztailean, Jainagak iragarri zuenhurrengo urteetan 80 milioi euro inbertituko zituela, baina bi baldintza jarri zizkien sindikatuei: malgutasunerako borondatea eta bake soziala. Enpresa erosi izan ez balute, Gerdauk Sidenorreko lantegien erdiak ixteko asmoa zuela azaldu zuen Jainagak. Gerdauk erositako prezioaren herenean saldu zuen Sidenor. 2015. urtea 33 milioi euroko galerekin itxi zuen altzairutegi taldea, eta aurtengo abuztura bitarte 13 milioi euro gehiago galdu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.