'Kutxabank auziko' herri akusazioak «erantzukizun politikoak» eskatu ditu

«Aurpegia ematea» galdegin diete «delituaren bultzatzaile politikoei». Oraindik ez dute erabaki epaiari helegitea aurkeztuko ote dioten

Jone Goirizelaia abokatua (ezk.) eta herri akusazioa osatzen duten eragileen ordezkariak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Herri akusazioa osatzen duten eragileak, hots, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma, pozik daude Kutxabank auziko epaiarekin —sei hilabete eta urtebete bitarteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete Mario Fernandez, Mikel Cabieces eta Rafael Alkorta akusatuei—, baina pentsatzen dute «bultzada politikoa» egon zela epaitu dituzten gertaeretan. Horregatik, ardura politikoak ere galdegin dituzte, eta «delituaren bultzatzaile politikoei» dei egin diete «aurpegia eman dezaten».

Herri akusazioak gogora ekarri du Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak epaiketan esandakoa: Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiarentzat lan irtenbide bila hasi zen, bi alderditako «goi mailako politikariek» eskatu ziotelako. Orduan argitaratu ziren zenbait informazioren arabera, Antonio Basagoitik (PP) eta Patxi Lopezen gobernuko sailburu batek (PSE-EE) egin zuten eskaera, baina herri akusazioak uste du EAJk ere bazuela horren berri eta operazioa sustatu zuela.

Ana Perezek eta Urtzi Ostolozagak euskal kutxen pribatizazioa bultzatu zuten alderdiak egin dituzte erantzule: «Pribatizazioa oinarri izan zen kontu hauek gerta zitezen».

Alde horretatik, oso kritiko agertu dira Fernandezek BBK eta geroago Kutxabanken buru gisa egindako kudeaketa dela eta, eta ez soilik orain epaitu den auzi horrengatik. Fernandezen jardunbidea «desastrea» izan da eragile horien aburuz, eta leporatu diote 3.000 milioi euro «zakarretara» botatzea Caja Sur erostearen ondorioz, eta 2.000 lanpostu «suntsitzea».

Herri akusazioaren abokatu Jone Goirizelaiak ere ontzat jo du epaia: «Oso argia da; gertatutakoa ondo jasotzen du, eta ez du zirrikiturik uzten; defentsek helegitea aurkeztu nahi badute, oso zail izango dute», azaldu du.

Agiriak faltsutzea ere egozten zien herri akusazioak hiru akusatuei, baina epaian ez dute salaketa hori aintzat hartu. Horregatik, Goirizelaiak azaldu du egon zitekeela epaiari helegitea aurkezteko aukera, baina oraindik ez dute horren inguruan ezer erabaki. Asteon ebatziko dute hori.

Bestalde, herri akusazioa osatzen dutenek argitu dute arduradun politikoak auzitara eramateko modurik ikusten badute haien kontra joko dutela.

«Elkar babestuta»

ELAk ere «pozgarri» iritzi dio Kutxabank auziko hiru akusatuak zigortu izanari, eta erantsi du auziak argiro erakusten duela nola «politika eta finantzetako eliteetako kideek elkar babestu» egiten duten. «Diru sarrerak bermatzeko errenta hileko 50 euro murriztea erabakitzen dutenek lotsarik ez dute justifikatzeko Cabiecesi hilero 6.000 eurotik gora ordaintzea», azaldu du sindikatuak. Ezker Anitzak ere uste du epaia «argigarria» dela, eta ardura politikoak eskatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.