Albistea entzun

Kontuz-ek parlamentuari eskatu dio 'CAN auzia' argitzeko lana hartzeko

Gobernuak ustelkeriaren aurkako konpromisoa bere egin duela uste du elkarteak.

Ez dio helegitea jarriko Auzitegi Nazionalaren azken autoari
Kontuz-eko Patxi Zamora, paperak eskuan, atzoko agerraldian, elkarteko hainbat kiderekin.
Kontuz-eko Patxi Zamora, paperak eskuan, atzoko agerraldian, elkarteko hainbat kiderekin. IDOIA ZABALETA / ARP

Edurne Elizondo -

2015eko abuztuak 12 - Iruñea

«CAN auziak Nafarroara itzuli behar du; ez zuen hemendik atera behar». Horixe nabarmendu du Kontuz elkarteko kide Patxi Zamorak, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Horregatik, hain zuzen ere, Kontuz-ek erabaki du helegiterik ez jartzea Espainiako Auzitegi Nazionalak plazaratutako azken autoaren aurka, eta Nafarroako Parlamentuari eskatu dio har dezala Nafarroako Kutxa desagertu arteko bidean gertatu zena argitzeko lana. Zer ikertu badela nabarmendu dute elkarteko kideek, eta horren adibide jarri dituzte Nafarroako Kutxak azaldu gabe egindako milioika euroren gastuak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du CANeko eta Banca Civicako kudeatzaile eta arduradunen aurkako auzia behin-behinean ixtea. «Bi urte pasatu eta gero, bide judiziala hemen amaitzen dela onartu behar dugu; ordua da Nafarroan, eta berme osoarekin, bide instituzionala irekitzeko», erran du Zamorak.

Kontuz-ek Nafarroako Parlamentuaren esku utzi nahi du CAN auzia argitzeko auziaren zama. Horrek ez du erran nahi elkarteak lanean jarraituko ez duela. «Laguntzeko prest gara, eta segituko dugu gure zereginarekin; baina uste dut Kontuz-ek egin duela bere ekarpena». Erakundeek izan behar dute, orain, protagonista, elkarteko kideen hitzetan. Zamorak gogoratu du Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan hartu zutela CAN auzian gertatutakoa argitzeko konpromisoa.

Ikerketa batzordea

Kontuz-ek argi du Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzordea jarri beharko lukeela martxan, CAN auziari buruz. «Trabarik eta baldintzarik gabeko ikerketa batzordea», zehaztu du Zamorak. Ez hori bakarrik. Gobernuak gertatu diren ustelkeria kasuak ikertu beharko lituzkeela uste dute elkarteko kideek, ardurak argitzeko, eta neurriak jarri beharko lituzkeela, gainera, aurrerantzean halakorik berriz ere gerta ez dadin. «Diru publikoaren kudeaketak behar ditu tresnak kudeaketa hori bera kontrolatzeko», nabarmendu du Patxi Zamorak.

Hainbat hari utzi ditu elkarteak mahai gainean, CAN auziaren mataza askatzen hasteko. Auzitegi Nazionalak bere esku dituen hainbat datu ezagutarazi ditu Kontuz-ek, zehazki, CANek azaldu gabe egindako hainbat gasturi buruz. «Legezkoak izan daitezke; bidezkoak ere, gastu horietako hainbat; deigarriak dira, hala ere, eta herritarrek merezi dute gastu horiek zergatik egin diren azaltzea».

2012ra bitarte, eta zortzi urtez egindako gastu horietako zenbait ardoak, luxuzko autoak eta bidaiak erosteko izan ziren, Kontuz-ek salatu duenez. «Corte Ingles-en filial batek 13,6 milioi euro fakturatu zizkion CANi; bidaietan zazpi milioi euro gastatu zituzten; eta luxuzko hoteletan, berriz, bertze hiru», azaldu du Zamorak. Sarria ardotegian ere dirutza gastatu zuen CANek, Kontuz elkarteak ezagutarazi duenez: «Bi milioi euro». Hainbat enpresa eraikitzailek ere jaso zuten CANen dirua: «120 milioi euro, denera».

Zamorak gogoratu du martxan dela, oraindik, ekonomia eta fiskalitate delituak ikertzen dituen zerbitzuak (UDEF) hasitako ikerketa, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren ondareari buruz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko (Bizkaia) udaletxea. ©Monika del Valle / Foku

Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Alonsotegiko alkate ohi Aitor Santiestebanentzat

Iosu Alberdi

Prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta diru laguntzetan iruzur egitea egozten dizkio fiskaltza Santiestebani.

Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Xabier Martin

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Inma Jurio PSNko parlamentaria, atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra». PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte; «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute

Laura Pego eta Jeanette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, iaz landutako txostena eskuetan, Nafarroako Parlamentuan. Atzo eman zuten haren edukiaren berri. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuan

Joxerra Senar

Kriminologiaren Euskal Institutuak bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana «amaitu gabe» dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...