Volkswagen markako inbertsioak 1.000 milioi euro murriztuko dituzte

Auto konpainiak ez du zehaztu murrizketek Landabengo lantegian eraginik izango ote duten

Volkswagen markako auto bat. JAN WOITAS / EFE.
Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Garbi mintzatuko naiz: mingarria izango da». Matthias Mueller Volkswagen taldeko presidente berriak joan den astean ohartarazi zituen langileak. «Derrigorrezkoak ez diren inbertsioak» utzi edo atzeratu egingo ditu konpainiak. Bada, eman du lehen murrizketen berri. VW markako inbertsioak urtean 1.000 milioi euro murriztuko ditu. Taldearen marka nagusia da VW. Horrez gain, iragarri du martxan jarriko duela kostuak gutxitzeko programa bat. Besteak beste, kostu finkoak murrizten saiatuko da. Konpainiak, oraingoz, ez du xehetasun gehiago eman murrizketei buruz. Ez du jakinarazi taldeko gainontzeko marketan —Audi, Seat eta Skoda— antzeko neurririk hartuko ote duen ere.

VWek ez du zehaztu murrizketak zein herrialdetan eta nola egingo dituen. Hortaz, ezin daiteke jakin Landabenen eraginik izango ote duten. Motorren inguruko eskandalua sortu aurretik, Iruñeko lantegian 900 milioi euroko inbertsioa egin asmo zuen 2019. urtea baino lehen. Besteak beste, 2017. urte hasieran Polo berria Iruñean egin ahal izateko baliatu nahi zuten.

Muelerren iragarpen kezkagarrien ondoren, Nafarroako VWeko zuzendariek langileen ordezkariei esan zieten inbertsio guztiak berraztertzeko aginduak ez duela kolokan jarriko VW Polo modelo berria Iruñean egitea. Langileak, ordea, kezkatuta segitzen dute, zuzendaritzak oraindik ez baitie ofizialki baieztatu Landabengo inbertsioei eutsiko diela.

Langileen batzordeko presidente Alfredo Moralesek (UGT) zuzendaritzari eskatu dio bermatu gabe daude inbertsioen gaineko informazioa emateko: «Gaur-gaurkoz ez dakigu Iruñean murrizketek zer eragin izango duten. Beharrezkoa da zuzendaritzak langileei azalpenak ematea».

Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroaren arabera, VW taldeak joan den astean bermatu zion ez zela aldaketarik egongo Landabengo eta Martorelleko (Katalunia) lantegietako inbertsioetan. Hala ere, azaldu du VWeko barne batzordeetan eztabaidatu behar dutela erabakiaren inguruan. UGTko eta CCOOko Espainiako metaleko arduradunekin eta Seateko ordezkari sindikalekin bildu zen atzo Soria. Landabengo langileen ordezkariek ez zuten bilera horretan parte hartu. Haien arabera, konpainiak eman behar ditu azalpenak, eta ez gobernuak.

VW taldeak, guztira, 85.600 milioi euro gastatu nahi zituen hurrengo bost urteotan modelo berrietan, teknologian eta lantegiak berritzen, baina zati handi bat motorren iruzurrak sortutako gastuak estaltzeko baliatu beharko du multinazionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.