Iazko fakturazio errekorra berdintzea espero du aurten makina-erremintak

2017an inoizko fakturaziorik handiena lortu du sektoreak: 1.690,69 milioi euro. «Egonkortasuna» aurreikusi du AFM klusterrak 2018rako, eta inbertsioetarako pizgarri politika berriak eskatu ditu

Iazko fakturazio errekorra berdintzea espero du aurten makina-erremintak.
Jon Fernandez.
Donostia
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Krisiaren aurreko gihar osoa berreskuratu ez badu ere, makina-erremintaren sektorea aspaldiko indartsuen dago. Inflazioaren eragina kenduta, oraindik %10 falta zaio 2008ko maila berreskuratzeko, baina datu absolututan datu onak ari da lortzen. «Pozik» agertu zen atzo Antxon Lopez Usoz, AFM makina-erremintaren klusterreko lehendakaria, gaur Donostian egingo duten batzar orokorraren bezperan. Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erreminten sektoreko ekoizpena %12,96 igo da 2017an, iragarritako hazkunde aurreikuspenaren gainetik, eta errekorra lortu du: 1.690,69 milioi euroko fakturazioa. «Hamar urtetan izandako zenbateko onena da, baina kopuru errealetan oraindik tartea geratzen zaigu 2008ko datu historikora heltzeko», esplikatu zuen Lopez Usozek.

Fakturazioa horrenbeste igo izanaren arrazoia, hein handi batean, deformazioaren azpisektorearen bilakaera ikusgarria izan da, %47,76 igo baitzen iaz. Izan ere, 2017an fakturatu ditu 2016an metatutako eskaeraren zati handi bat, eta, hain zuzen ere, urte hartan eskaerek %56 egin zuten gora. Kontuan izan behar da deformazioan hamazortzi hilabete inguruko tartea igarotzen dela eskaerak lortzetik makina fakturatzera bitartean.

Italiako fiskalitatea, eredu

2017ko datuak oso onak izanik, eta 2018rako «egonkortasuna» aurreikusita, klusterrak espero du fakturazioa aurten iazkoaren ia maila berean geratzea. Egoera egonkorra inbertsioak indartzeko erabili behar dela azpimarratu zuen Xabier Ortuetak, AFMko zuzendari nagusiak.

Renove plan baten beharra nabarmendu zuen, «eraldaketa izugarria gertatzen ari delako industrian», eta makinak berritu beharra dagoelako. «Zerbitzuen industria digitalizatu bateranzko trantsizioa egiteko garaian gaude, eta, testuinguru horretan, oso garrantzitsua da konektatu ezin diren makina zaharrak, hamar urtetik gorakoak, berritzea. Ez dugu galdu behar abagune hori».

Horretarako diru laguntza publikoak eskatu dizkiete Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Gogora ekarri du Jaurlaritzak hamar urtez eduki duela Renove plan bat, eta aurten ez badago ere, seguru dago datorren urtean berriz ere jarriko duela martxan. Madrili, berriz, Italiaren ereduari jarraitzeko eskatu dio, zuzeneko laguntzak ez ezik, zerga pizgarriak ere emateko. Erromako gobernuak makinak berritu dituzten enpresei erositako makinen prezioaren %250 amortizatu die kenkari fiskalen bidez. «Hiperamortizazio» horiei esker, sektorean %46 igo da makineria berrien salmenta. «Italian egin badute, hemen ere posible da».

Inbertsioarena ez ezik, beste erronka nagusia enpleguarena da. AFMko 128 konpainia bazkideen artean, enpleguak %4,1 egin du gora, baina arazo kezkagarri bat daukate: «ia ezinezkoa da» profil jakin bateko langile gazte eta kualifikatuak aurkitzea, bereziki proiektu automatizatuetarako eta IKT proiektuetarako. Lopez Usozek uste du «formula berriak» aztertu beharko dituztela unibertsitateekin, formakuntzan parte hartuz edo doktoretzak diruz lagunduz.

Haizea alde nazioartean

Edozelan ere, markak hausteko urtea izan da 2017a: esportazioetan ere errekorra lortu dute AFMko enpresek, 1.233,37 milioi eurorekin. Hala ere, aurreko urteetan baino apalagoa izan da hazkundea, %4,10. Sektoreak ekoizten duenaren %72,95 esportatzen du.

Europako merkatuak «portaera bikaina» izan du 2017an, etaez soilik Alemaniako esportazioak %20 hazi direlako. Kontinentean susperraldia orokorra da, Lopez Usozen esanetan. Halaber, AEBen, Kanadaren eta Mexikoren jardun ona ere nabarmendu du, %15 hazi direlako herrialde horietara doazen esportazioak. Bestalde, «zuzeneko eraginik» ez du aurreikusten AEBen eta Iranen arteko gatazka dela eta.

Era berean, Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuan ere «urte ona» izan da: %24,43 hazi da, 726,36 milioi euroraino. Igoera ontzat jo du AFMk, baina gogoratu du oso behetik ari dela suspertzen Espainiako kontsumoa: «Balio errealetan, oraindik, 2007ko mailara ailegatzeko %20-30eko ibilbidea dago egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.