Trump prest dago Txinaren aurkako gerrarekin segitzeko, muga zerga gehiagorekin

Trumpentzat onartezina da Txinak bere neurriei erantzutea. Mehatxu egin du 174.000 milioi eurorainoko zerga berriak ezartzearekin

Irune Lasa.
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Maila bat gorago gatazkan. Donald Trumpen ustez, Pekingo gobernuaren jarrera «onartezina da. Neurri gehiago hartu behar dira Txinak bere merkataritza praktikak alda ditzan eta AEBekiko merkataritza harreman orekatuagoa onar dezan». Eta, horrela, bi herrialdeen arteko merkataritza gatazka beste maila bat areagotuz, AEBetako presidenteak muga zerga gehiagoren mehatxuarekin erantzun dio Txinaren kontraerasoari.

Aurretik Txinako —eta Europako Batasuneko— altzairuari eta aluminioari muga zergak jarri ostean, joan den astean agindu zuen Trumpek %25eko muga zergak ezartzea AEBek Txinatik inportatzen dituzten beste hainbat produkturi, 43.000 milioi euroraino (50.000 milioi dolar). Eta Txinak beste hainbesteko kontraerasoa egin zuen, berak ere AEBetako zenbait produkturi 43.000 milioi eurorainoko muga zergak jarriko zizkiola iragarriz.

Eta Trump haserrearazi zuen. Txinari indartsuena nor den erakutsi nahi dio AEBetako presidenteak, eta arma handiagoekin egin du mehatxu: 174.000 milioi eurorainoko (200.000 milioi dolar) muga zergekin zigortu nahi ditu Txinako beste hainbat produktu, eta horiek zein izan daitezkeen zerrendatzeko agindu dio Robert Lightizer bere kanpo merkataritzako idazkariari. Oraingoak muga zergak %10ekoak lirateke. Eta Txinari otuko balitzaio muga zerga gehiagorekin erantzutea, Trumpek dio prest daukala 178.000 milioi euroko beste zergapetze bat.

Txinako Merkataritza Ministerioak berehala esan du mehatxua «xantaia» dela, eta «kontrako neurriak» iragarri ditu. Atzerri Ministerioak ere gaitzetsi egin du du «AEBek beste behin ere merkataritza gerra piztea».

Neurri kualitatiboak

Dena den, Etxe Zuriak jokaldi hau irabazitzat ematen du, Trumpek bai baitaki Txinaren erantzuna ez dela aurrekoa bezalakoa izango, dolarra dolarraren kontra. Zergatik? Bada, AEBetatik Txinara iristen diren inportazioak ez direlako iristen 174.000 milioi euroko kopuru horretara. Beraz, AEBei erantzuteko neurriak kuantitatiboak izan beharrean kualitatiboak izan daitezkeela esan du Txinako Merkataritza Ministerioak berak.

Neurri kualitatibo horiek Trumpen gobernuak uste duen baino ondorio gogorragoak izan ditzakete AEBetako ekonomiarentzat. Produktu estatubatuarrentzako ikuskaritza gogorragoak, araudi zorrotzagoak, boikotak... Pisuzko hainbat arma ditu eskura oraindik ere Pekingo gobernuak.

Eraso eta kontraeraso, mehatxu eta neurri, bi herrialdeen arteko merkataritza gerra gero eta bortitzago batek munduko beste tokietako ekonomiei kalte egiteko beldurra gero eta gehiago ari da hedatzen. Hori ikusi zen atzo, adibidez, munduko burtsa nagusietan indizeek izandako beherakadatan. Trumpek beste hainbat herrialderekin ere piztu ditu merkataritza gatazkak, eta, jakina, horrek ez du laguntzen giroa lasaitzen.

Herrialde garatuenak biltzen dituen OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko idazkari nagusiak, Angel Gurriak, atzo bertan esan zuen merkataritzaren inguruko tentsioak suspertze ekonomikoa moteldu dezaketela, eta Moody´s agentziak ere ohartarazi du konfiantza eta kredituen murrizketa izan daitezkeela merkataritza gatazka horien guztien ondorioetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.