Industria «errotik» alda dezakeen 3D inprimagailu bat aurkeztu dute

Ibarmiak, Tecnaliak eta EHUk eratu dute, lankidetzan.Munduko «lehiakorrenetakoa» dela diote

Hutsetik hasita, pieza handiak egin ditzake bost metro luze den ADD+PROCESS makina hibridoak. G. RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Industrian 3D inprimaketa txertatzen duen munduko makinarik handienak euskal nortasuna du. Ehuneko ehunean, gainera. Makina-erremintan diharduen Azkoitiko Ibarmia enpresak garatu du, Donostiako Tecnalia ikerketa zentroarekin eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Proiektua taxutu eta bederatzi hilera merkaturatu dute inprimagailua, eta industria «goitik behera» alda dezakeela deritzote prozesuan murgilduta egon direnek. Tecnaliako zuzendari alboko Iñaki San Sebastianek dio «iraultza» ekar dezakeela. «Lehendik egin gabeko prozesu eraginkor bat den heinean. Euskadi buruan da berriz ere». Munduan gisa horretako lau makina baino ez daude.

Metalezko hautsen nahasketan datza, batez ere, makinaren zeregin nagusia. Bost ardatzetan egiten du uztarketa, eta hauts horiek geometria, kopuru, distantzia eta tenperatura egokian gotortzeko ahalmena dauka, forma bat sortu arte. Ibarmiako zuzendari Koldo Arandia sartu da xehetasunetan: «Normalean material jakin batetik abiatzen gara, baina, kasu honetan, geuk sortzen dugu pieza. Makinan bertan posible da hura mekanizatzea plano batean finkatutako tolerantzien arabera».

ADD+PROCESS izena jarri diote punta-puntako makinari. Bost metro luze eta lau metro zabal da, eta 30 tona inguruko pisua du. Arandiak zehaztu du «hutsetik hasita» dimentsio handiko piezak egin ditzakeela, «1,6 metroko luzerainokoak ia». Autogintza nahiz aeronautikarako «balio» duten piezak konpontzeko gai ere bada, San Sebastianen hitzetan.

Makinak industriak galdegiten dituen premiei eta bereizgarriei «bete-betean» erantzungo diela esplikatu du Arandiak, prozesu ezberdinak uztartuko dituelakoan. Ibarmiako buruaren arabera, oraindik ezagutu gabeko aukerak ere zabalduko ditu; diseinuaren eta fabrikazioaren arloetan, bereziki. «I+G+Bra bideratutako inbertsioaren emaitza herritar orori ikusaraztea nahi dugu, diru hori guztion patriketatik baitator».

Elkarlana, emaitzaren giltza

Proiektua mugarritzat jo du Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburu Arantza Tapiak. Berrikuntzaren bidea urratzen segitzeko ezinbestekoa dela adierazi du, eta oroitu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 60 egitasmotik baino gehiagok uztartzen dituztela jada manufaktura aurreratua eta 3D teknologia. Tapia «harro» agertu da elkarlanean aritzeagatik.

Hain justu, lankidetzan jardutearen «garrantziari» heldu nahi izan dio EHUko Hedakuntza eta Transferentziaren arloko errektoreorde Amaia Masedak. «Sekulako marka da ideia bat zena errealitate bilakatu izana bederatzi hilabetean; erakundeen arteko elkarlanari zor diogu hori».

Bide beretik, Arandiak uste du hiru agenteen parte hartzea izan dela fruitua lortzeko gakoa. «Bakarrik egitekotan, gutxienez sei urte beharko genituzke. Batera gehiago gara». Tapiak, berriz, enpresen erabaki estrategikoa izan dela txalotu du: «Euren kasa aritu dira, laguntzen zain egon gabe».

Ohiko teknologiekin alderatuta, makina berriak oso material gutxi erabiltzen ditu gehikuntzako teknologian. «Eta, horren ondorioz, bai materialetan eta bai energian aurrezten du; batzuetan %60ra arte». Arandiak ohartarazi du egungo fabrikazioak diseinuan dituen mugak gainditzea dakarrela horrek, orain arte fabrikatu ezin ziren prototipoei atea irekita. «Aproposa da berebiziko xehetasun, geometria eta ehundurak dituzten piezak sortzeko».

Arandiak aitortu du, hori bai, makina «esklusiboa» dela, gaur-gaurkoz ez baitago edonoren esku hura eskuratzea: milioi bat euro inguruko kostua du. Ibarmiako buruak jakinarazi du, edonola ere, Herbehereetako, AEBetako, Frantziako eta Espainiako hainbat enpresak interesa agertu dutela dagoeneko makina erosteko.

Makina-erremintaren sektoreko enpresen plaza entzutetsuenetako batean aurkeztu dute berriki, Milango EMO azokan, eta harrera «beroa» jaso du, Arandiak berri eman duenez. «Gaur egun, munduan dagoen makina garatuena eta lehiakorrena da; horrelako ezaugarriak dituen bakarra da, eta nazioarteko etxeen arreta piztu du», azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.